Natza, errotaren ardatza, dio sortu berri den talde honen lemak. Eta hala da, errota ibili dadin ezinbestekoa da natza. Hernaniko kultur elkarte honen aurkezpenean ikusi eta entzun ahal izan ziren antzerkia, monologoa, musika... Errota martxan jarri zuten joan den ostegunean.
OSTEGUN gauean kultur elkarte berria aurkeztu zuten Hernanin, Natza izenekoa. Aurkezpena, elkarte berriak Antziola auzoan duen lokalean egin zen eta bertan jende asko bildu zen Natzak antolatuko ekitaldia ikustera.
21:00ak aldera, Mikel Peruarenak, elkarteko arduradunetako batek, ongi etorria eman zien bertara joan ziren guztiei eta segidan, Hamar minutu antzerki taldeak, ‘Garena gara’ antzezlana eskaini zuen. Baina ekitaldia ez zen hor bukatu, gero, ‘Komeriaren kluba’ izeneko emanaldia izan baitzen, bi monologo entzun ahal izan ziren emanaldi honetan. Bukatzeko bideo proiekzio bat ikusi zuten bertaratu zirenek eta horren ostean jan eta edatekoarekin ospatu zuten Natzaren sorrera.
Natzak bere burua definitzerakoan dio ``euskaldun, abertzale eta ezkertiarrak`` direla eta gizarte, kultura eta politika gaiak ikuspuntu kritikoz landu nahi dituztela. ``Elkarte irekia gara: ideia, talde, proiektu, pertsona eta esparru berrietara irekiak``, azaltzen du Natzak, joan den osteguneko aurkezpenean banatu zuen agiri batean.
Herriko bizitza soziala eta kulturala astindu
Natzak adierazi duenez, elkartearen helburua da herriko bizitza soziala eta kulturala ``haundikeriarik gabe`` pixka bat astintzea. Elkarte honen iritziz, herrian dagoen kultur eskaintza gehiena ``instituzionalizaturik`` dago eta salbuespen batzuk kenduta ``formazio eskaintza estankatua eta zaharkitua`` dagoela dio. Gainera, gaur egun antolatzen diren kultur ekitaldietan jarraikortasunik ez dagoela azpimarratzen du Natzak.
Hori guztia ikusita, Natzak asmoa dauka ekitaldi ezberdinak antolatzeko (hitzaldiak, ikastaroak, elkartrukeak, tailerrak...). Hernaniko Kronikari Mikel Peruarenak adierazi dioenez Elkarte honek nahi duena da ``kulturarekin esperimentatu eta gauza berriak egin``.
Bazkideak eta lokala
Lehen aipaturiko agiriaren arabera, Elkarte berriak esparru ezberdinetan egingo du lan: Alde batetik bazkideak daude. Natzak aurreikusi du 150 bazkide inguru beharko dituela elkartearen gastuak ordaintzeko. Bazkideei zerbitzu ugari emango lieke elkarteak: Liburutegia eta pelikulak, deskontuak elkarteak antolaturiko ekitaldietan, ekitaldi hauetan izena emateko lehentasuna, elkartean parte hartzeko aukera, eta honen boletina zuzenean jasotzeko aukera.
Beste esparru bat giza talde ezberdinak lirateke. Modu berean, elkarte eta kolektibo ezberdinetan aritzen diren pertsonekin harremanetan jartzeko asmoa dute Natzako arduradunek eta baita herriko talde ezberdinekin ere.
Elkarteak lokal bat ireki du Antziola 7 zenbakiaren ondoan, leku hau Natzak antolatutako ekitaldi edo aktibitateentzat da bakarrik. Dena den, elkarte kulturalak aipatzen duenez, lokal hau herriko beste taldeek erabili ahal izango dute ``bestelako bilera bereziak egiteko, prentsaurrekoak emateko eta jarduera publikorako ekitaldi ezberdinak eskaintzeko``.
San Joanak arteko
programazioa
Hernaniko Kronikak Mikel Peruarenari galde dio zein izango diren Elkarteak hurrengo hilabeteetan egingo dituen ekitaldiak. Peruarenak azaldu du ``plangintzak hilero hilero egingo ditugu, baina dena den zirriborro bat osatu dugu San Joanak arte egingo ditugun ekitaldiekin``. Zirriborro horretan hitzaldiak, jardunaldi ezberdinak eta ``talde dinamikari buruzko ikastaro bat`` dagoela azaldu digu Natzako arduradunak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!