HERNANIKO errugbiko lehen taldeak partidu zaila bezain gogorra jokatuko du igande honetan L’Hospitalet-en kontra. Ligako azken partidua da eta Hernani laugarren dijoa, eta kataluniarrak hirugarren dijoaz puntu bat gehiagorekin. Beraz, Hernanik irabazi ezkero, hirugarren postuan bukatuko luke denboraldia, pronostiko guztiak hautsiz.
L’Hospitaletek 50-20 irabazi zion Hernaniri joaneko partiduan. Joxe Elosegiren hitzetan ``Hernanik ez zuen ongi jokatu, zuloak utzi genituen eta defentsak huts egin zigun``.
Hernani, Katalunian
jasotakoa itzultzeko asmoz
L’Hospitalet lehengo urtean jaitsi zen Ohorezko B mailara eta inbertsio haundia egin du berriro igotzeko, batez ere kanpoko fitxajeekin (australiarrak, samoatarrak, Zeelanda Berrikoak eta alemanak dauzka). Horrek arazo ekonomikoak ekarri lezaizkioke talde katalanari eta hurrengo urtera begira 3garren geratzea garrantzitsua da beraientzat, ekipoa mantentzeko dirua ekarriko badute behintzat. Hernanik alde horretatik ez dauka arazorik, jokalari guztiak bertakoak edo ingurukoak baitira.
Harkaitz Otañok, Hernaniko kapitainak dio L’Hospitaletek talde konpletoa duela eta aurrean oso ongi dabilela. Joaneko partiduan ‘zortziak’ min haundia egin omen zien. Dena den hernaniarrek ez dute joko berezia egiterik pentsatu: ``Beti bezala jokatuko dugu: aurrean baloia eutsi eta metroak irabazi, eta gero, zabaldu egingo dugu, baina joko zuzena egiten`` dio Jon Iraola entrenatzaileak. Igande honetan partidua irabaztea oso garrantzitsua dute hernaniarrek, ez bakarrik hurrengo urtean izan daitekeen liga berrantolaketari begira, baita ligari amaiera borobila emateko ere.
Ligaren gora beherak
Azken partidua dela eta, Hernaniko Kronikak liga nola joan den galdetu die taldeko eta elkarteko arduradunei. ``Ez genekien zer etorriko zen, Durango eta Ordizia ezagutzen genituen, baina besteak ez`` dio Joxek. Entrenatzailearen ustez, liga ondo joan den arren, oraindik hobeto joan zitekeen eta puntu batzuei ihes egiten utzi diela dio. Denak ados daude esatean, aurten inoiz baina lesio gehiago egon direla ``baina hori normala da, konpetizioaren maila ere igo egin baita`` dio Rafa Larretxeak.
Liga bukatu eta gero Euskadiko kopa hasiko dute hernaniarrek, eta hori ondo etorriko zaie fisikoa mantentzeko. Hurrengo urteko denboraldiari begira helburua da ekipoa Ohorezko B mailan sendotzea eta harrobiko jendearekin jarraitzea, printzipioz kanpoko fitxajerik gabe.