Sagastiyako plan partziala eta lokalak etxe bihurtzeko ordenantza onartu dira

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 1a, 01:00

Plenoa izan zen ostegunean Udaletxean eta gai garrantzitsuak izan zituzten eztabaidan. Besteak beste, Sagastiyan babes ofizialeko 297 etxe egiteko egitasmoaren Plan Partziala izan zen bata eta lokalak etxe bihurtzeko ordenantza bestea. Sagastiyako plan partziala aho batez onartu zen eta honenbestez, Udalak bukatu ditu egin beharreko tramiteak eta hemendik aurrera Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko da gaia. Marian Beitialarrangotia alkateak jakitera eman duenez, tramite guztiak pentsatu bezala joanez gero, 2009an etxeak eraikitzen hasi liteke Eusko Jaurlaritza.

Hernaniarrentzat erdia
Sagastiyako babes ofizialeko 297 etxebizitzetatik erdia hernaniarrentzat izatea aurreikusia dago, eta beste erdien zozketan ere sartuko dira Etxebiden izena emanda dauden hernaniarrak. Hernananiarrentzat aurreikusitako etxeen erdia alokatzeko izango da eta beste erdia saltzeko. Lokalak etxe bihurtzeko ordenantza Osteguneko plenoan onartu zen beste gaietako bat lokalak etxe bihurtzeko ordenantza izan zen. EAE, PSE-EE, EAJ, EB eta PPk aldeko botoa eman zuten eta EA abstenitu egin zen. Ordenantza boletinean publikatu eta 30 egun egongo dira alegazioak aurkezteko, Udalak behin behineko onarpena eman aurretik. Ordenantzak etxe bihurtu litezkeen lokalak zerrendatzen ditu, bai lekuz eta bai bete beharko dituzten baldintzei dagokienez. Azpimarratzen da, erabilera murriztu zaien inguruetako lokalek izango dutela etxebizitza bihurtzeko aukera, bere garaian denda edo antzeko zerbaitetarako sortu, baina gaur egungo egoerak erabilerarik gabe utzi dituen inguruetakoak. Berez, merkataritzarako izan litekeen inguruan ez da aukera hau aurreikusten. Horrez gain, duin bizitzeko baldintzak betetzen dituzten etxeetan baimenduko du Udalak etxebizitzak egitea. Giza baliabideak arrazoiz bideratzeko programa Plenoko azken puntua, Udaleko Giza baliabideak arrazoiz bideratzekoa bertan behera geratu zen, Gobernu Taldeak alde, baina oposizio guztiak kontra bozkatuta. Udaleko diruzaintza zerbitzuan, informatika alorrean eta haurtzaindegiko udal langileetan aldaketak planteatzen ditu programak. Oposizioko alderdi guztiek azpimarratu zuten, Pertsonal Batzordean gaiaren aldeko botoa eman zutela, baina, bazela beste gai bat guztiek kontra bozkatu zutena, Udal organigramari dagokiona. Gobernu Batzarrak puntu hori onartu zuelako bozkatu zuen kontra oposizioak eta PSE-EE eta EBk azpimarratu zuten sindikatuekin ez zela behar adina aztertu gaia. Marian Beitialarrangoitia Alkateak azken argudio honen aurrean esan zuen, harrigarria zela sindikatuen gaia plenoan azaltzea, Pertsonal Batzordean aldeko botoa baldintza horiekin eman zutelako.

Herritarren kejak
Pleno bukaeran, herritarrek beren ikuspuntua eta keja azaldu zuten. Kaxko auzo elkarteko kide batek salatu zuen aurreko legealdian 9 hilabete behar izan zituela Hernaniko Kaxko historikoaren legedia lortzeko. Kale Nagusian historikoa den etxe bat bota eta berria egitea legez kanpokoa dela azpimarratu zuen ´eta horrela herria pobretzen da denon patrimonioa delako`. Oraingo korporazioari zer neurri hartu behar dituen galdetu zion. Aurreko legealdian Hirigintza Zinegotzi zen aldetik Iñaki Arratibelek erantzun zion, emandako lizentzia legala den edo ez ezin zuela berak esan eta ez dela baderizkio epaitegietara jotzeko eta berak esango dutela.

Urriaren 27ko gertaerak
Plenoan, herritar talde batek hartu zuen bukaeran hitza, errepresioak hildakoen aldeko ekitaldian Hernanin izandako liskarren inguruan. ´Orain arte normalidadez` egin den ekitaldi bat aurten zergatik galerazi duten egin zuten galdera eta ´Barne Sailetik EAJk galerazi zuenez eta Ertzaintzak bidali` Hernaniko EAJko ordezkariei gertatuaren berri galdetu eta bere iritzia emateko eskatu zioten. Amonarraizek informazioa bildu eta erantzuteko konpromezua hartu zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!