Txokotik Bilgunera

Kronika - Erredakzioa 2014ko urtarrilaren 27a

( Ana Revuelta Andres Hernaniko Bilgune Feministako kidea ) Badira 3 urte baino gehiago Hernaniko Txoko Feministan lanean hasi ginela. Her­naniko mugimendu feministan ez gara lehenengoak izan noski, eta aurretik egondako dinamika feministei jarraipena eman nahi izan diogu. Denbora tarte honetan, feminismoan jantzi, Herna­niko dinamiketan eragin, emakumeon bizi baldintzak hobetzeko pausuak eman, iruditegi kolektiboak eraldatu, harreman ereduak zalan­tzan jarri, eztabaidak piztu eta batez ere, kalean egon na­hi izan dugu, esparru ezberdinak ikuspegi feministaz eraldatzeko helburuarekin. Bide honetan ez gara inoiz bakarrik egon, feminismoa amarauna baita, inurri askok osatzen dutena, eta aliantzen filosofian oinarritzen dena. Euskal herriko txoko ezberdinetako talde feministekin batera lanean egotearen sen­tsazioa izan dugu beti. Hernanin ere, berdintasun kontseilua, Kafeta Feminista, Katxarraza, …. eta beste hainbat eragileekin harremana eraikitzen jarraitzen dugu. Orain, pausu berri bat emateko gogoa eta beharra dugu. Herrira begiratzeari utzi gabe noski, Euskal Herriko beste talde feministekin artikulatzen jarraitu nahi dugu eta ikuspegi orokorrago batean ere txertatu. Horregatik, izaera nazionala duen Euskal Herriko Bilgune Feministaren parte izatea erabaki dugu. Uste dugu erabaki honek hausnarketa eta ekintza markoa asko aberastuko digula eta aliantzak indartuko ditugula. Ezinbestekoa iruditzen zaigun proiektu honetan asmoak eta energiak inberti­tzeko gogoa ere badugu. Beraz, hemendik aurrera HERNANIKO BILGUNE FEMINISTA bezala lan egingo dugu, helburu berdinekin eta bidelagun gehiagorekin. Parte hartu gurekin batera! Kalean topatuko gara!!! Gora borroka feminista!!!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!