San Juanetan hondakinak hobeto bildu ditugu: Zorionak denoi!

Kronika - Erredakzioa 2013ko uzt. 23a, 02:00

( Kontxi Aldanondo Aranburu Hernanin Zero Zabor ) Pasa berriak diren San Juan festen balantzea egiten ari dira Hernaniko Udala, enpresak, tabernak, elkarteak, taldeak… Hernanin Zero Zaborreko kideok gurea egin dugu eta zorionak eman nahi dizkizuegu hernaniar guztioi, hondakinen gaian aldaketa handiak egiteko gai izan garelako. Guk hobetzea zertan nabaritu dugun esango dugu laburki. Hasteko, kaleetan lurrean botatako plastikozko basoak asko gutxitu dira, denok ikusi dugu eta kaleko garbitzaileek ere esan digute. Krisi ekonomikoak izango zuen zerikusirik, baina nabarmena da nola gaur normaltasunez usatzen ditugun edalontzi berrerabilgarriak, eta horietako gehienak hartutako lekuan bueltatzen ditugula, garbitu eta hurrengo baterako. Afari, merendola eta horrelako otorduen ondoren hondakinak bereizita biltzen ere ohitura hartu dugu. Zoriontzeko kasu bat nabarmentzeko, gazteek Ezkiaga plazan egin zuten herri bazkarian aurreko urteetatik asko hobetu ziren gauzak. Kanpotik etorritako gazteei entzun diegu beren harridura aipatzen Hernaniko gazteen jokabideagatik. Zorionak! Gainera, aluminio-paperearen ordez tupper-ware tipoko ontziak erabiltzeko ohitura ere zabaldu da. Herritar askok komentatu dugu txalotzekoa izan dela presoen aldeko txosnan oilaskoa –Hernaniko jaietan klasiko bat dena- tuperrean ateratzea. Badira hobetzeko gauzak ere. Guk ikusitakoak kontatu dizkiogu udalari. Baina San Juanetan egin ditugun aldaketa hauek balio behar dute urtean zehar egiten diren beste festa eta ospakizunetarako, Txotx denboraldirako eta abar. Zorionak hernaniar guztiok! `Ondo ari gara´!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!