Errausketarik ez, ez hemen eta ez beste inon!

Kronika - Erredakzioa 2013ko eka. 14a, 22:30

( Mattin Aldaia Olasagasti Hernanin Zero Zabor ) Larunbat honetan, ekainak 15, arratsaldeko 17:30etan, Donostian errausketaren kontra antolatu den manifestazioan parte hartzera deitzen ditugu hernaniar guztiak. Deialdia Errausketaren kontrako Koordinadoraz gain Eguzki, Ekologistak Martxan eta Greenpeacek egin dute eta beste talde politiko eta sindikal askok egin dute bat Incineradora de Zubieta: carpetazo definitivo eskatzen duen manifestazioarekin. Inork ez dugu nahi errauskailua etxe inguruan, hala erakutsi genuen Hernanin jarri nahi izan zutenean eta hala egin dute Urnietan, Txingudin edo Zumaia ondoko Arroan eraikitzeko aukera aipatu den bakoitzean. Gure­tza­ko nahi ez duguna ez dio­gu opa izan behar inori. Gu­txieneko gizalegea da hori. Hondakinak erraustea txarra eta burugabea dela mila alditan azaldu da. Txarra da osasunarentzako, txarra gure ekonomiarentzako, txarra Lurra planetarentzako, txarra gure ondorengoentzako. Bai­na gainera azken urteotan era­kutsi dugu erraustea baino bide askoz hobea, garbiagoa eta merkeagoa badela. Her­nanin bertan asko ikasi dugu horretaz: 2009an gure hondakinen %70 baldin baziren zabor nahastua, gaur egun horietako gehienak birziklatu ditugu eta benetako zabor-errefusa %20ra jaitsi. Hau hobetzea da orain denon lana. Atez Atekoa zabalduz doa Gipuzkoa osoan. Usurbil, Her­nani, Oiartzun, Antzuola, As­tigarraga (begiratu gure ondoko Astigarraga zein eder­ki ari den!), Zaldibia, Legorreta, Itsasondo, Lezo… Laster Oña­ti, Irura, Anoeta, Alegia, Amasa-Villabona, Or­dizia, Pasaia… Gauzak errez, merke eta ondo egitea posible da. Larunbatean gu ere Do­nos­tian azalduko gara, guk ere uste dugulako badela ga­raia betirako lurperatzeko Zu­bie­tako errauskailuaren mamua.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!