( Iulen Lizaso Aldalur
)
Burbuja inmobiliarioa lehertu zenetik denborak atzera egin duenaren sentsazioa dut, batez ere, Karabelen 156 etxebizitza berri egingo zirela jakin nuenetik; horietatik %80a pribatuak izango dira, salmenta librekoak.
EH-Bilduren Udala izango zen eskaera pribatu hau aurrera eramatea edo ez erabaki zuena, eta nire galdera da, gizartearen zein eskaerari erantzuten dio erabaki honek?
Nire ustez, urbanizatzen diren lurren %50a azken baratza arrastoak edo auzoen zabalkundeak desagertu arazita egiten dira .
Hernanin dagoen benetako eskaera sozialak batetik, Babes Ofizialeko etxebizitzak eskatzen ditu, alokairuzkoak, eta bestetik herri barruko baratzak mantentzea edo hauek bultzatzea. Etxe berriak egin behar badira, orain arte erabilitako lurretan egin daitezela. Edo bestela, hutsak eta erreforma batean beharrean dauden etxeak berritu daitezela, milaka baitaude herrian zehar, egoera horretan. Baina ez ditzatela baratzetarako onak diren lurrak erabili.
Udalek duten finantziazio arazoei aurre egiteko tentagarriak dira proiektu hauek, baina lehengo bide berdinetara itzultzea iruditzen zait, plusbalia garaietara. Onargarria izango litzateke soilik, Udalak diru hori erabilera sozialeko etxebizitzen fondorako erabiliko balu.
Vienan dauden milioitik gora etxeetatik %40a udalarenak dira, eta alokairuak 350-700 euro bitartekoak dira; baliokidea, hemen, 200-400 euro izango litzateke.
Etxebizitza publikoaren politikak, eta ez pribatuarenak, bultzatuko luke prezioen jaitsiera eta espekulazioarekin bukatzea. Behar gehiena dutenen mesedegarri izango litzateke, etxebizitza duin bat izaten lagunduko lieke… Europan hala da gaur egun, eta lehen, gure herrian ere bai.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!