( Mikel Arrieta Iraola ) Gizarte orekatu eta bidezko baten bidean zerbitzu publiko zabalak eta unibertsalak ezinbesteko zutabeak dira.
Ez bada bermatzen hezkuntza sistema publiko bat, ez bada herritar guztien formakuntzaren eskubidea bermatzen, herritar askok etorkizunerako ateak itxiak topatuko dituzte, bazterketara bideratuak izango dira.
Osasun sistema publiko eta unibertsalik gabe bizi kalitate duina izateko eskubidea kolokan jartzen da. Osasunaren pribatizazio nahia herritarren osasunaren aurkako eraso zuzena da.
Uste dugu oinarrizko behar batzuk estaltzeko interes publikoa pribatuaren gainetik jarri beharra dagoela: alokairuzko etxebizitza politikan, argindarra edo kalefakzioa ziurtatzeko…
Iritsi da euskal jendarteak komunitate anitz, inklusiboa, bidezkoa eta solidarioa eraikitzeko garaia. Bide horretan Euskal Herriko Eskubide Sozialen karta nahi dugu. Aldarrikapen guztien sintesia izan dadin, aldarrikapen guztientzako lan tresna izan dadin. Eragile asko horretan ari dira, herritar anitz biltzen ari gara bidean, baina zuen indarra, denon indarra behar dugu aurrera egiteko. Lehen urratsa larunbatean egingo dugu, urtarrilaren 25ean, Biteri kultur etxean goizeko 11:30etan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!