( Aiora, Kattalin, Ainara, Lore eta Alberto Gil Mosquera
Ikatza Liburugunearen
izenean ) Dagoeneko jakingo duzuenez, Ikatza Liburugunea orain dela bi urte sortu zen. Harrezkero, hainbat ekintza, dinamika eta proiektu eraman ditugu aurrera: hitzaldiak, zikloak, erakusketak, proiekzioak, liburuen aurkezpenak… Hasieratik oso gai ezberdinak (militantzia politikoa, feminismoa, kartzela, borroka armatua, autogestioa…) jorratu ditugu, bertan hainbat lagunek eta kolektibok parte hartu eta ikuspuntu kritiko eta zabala plazaratu dute. Era berean, hasieratik egin genuen kultura herrikoia zabaltzeko apustua.
Orain berriz, gure etorkizuna airean dago. Karbonera desalojo arriskuan dago prozesu judizial bat martxan dagoelako. Egoera honen aurrean, gune abandonatuen okupazioaren eta erabileraren egiten dugu ohiu. Helburuak bat baino gehiago dira: gure kasuan bezala, gune kultural-politiko-soziala sortzeko, baita hain premiazko den etxebizitza beharra asetzeko ere. Bide batez, Ikatza kolektiboak Karbonerako biztanleei besarkada solidarioa bidaltzen die!
Gure helburua, besteak beste, leku-gune-esparru askotan jorratzen ez diren gaiak eta ikuspuntu interesgarriak bultzatzea da. Era honetan oso publiko zabalak hartzen du parte antolatzen ditugun ekintzetan. Aldi berean, urteetan abandonatuta egon den espazio bati bizia ematen diogu topaleku bihurtuta. Aurrera eramaten dugun lan honekin oso gustura sentitzen gara eta gure dinamika mantendu nahi dugu, nahiz eta epaileek edo jabeek kontrakoa nahiago izan. Beraien iritziak gure gogoak, motibazioak eta ametsak baino gehiago balio dute? Guk ezetz diogu.
Honengatik guztiagatik, denuntzia kentzea eta prozesu judiziala bertan behera uztea exigitzen dugu.
Karbonera eta Ikatza Liburugunea defendatzeko ekintza asko daude martxan. Adi eta parte hartu! Gora kultura herrikoia!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!