( Ion Azpiazu Goñi
(*Erredakzioan euskeratua) ) Joan den abenduan, aktualitateko gaia izan naiz Hernani, Astigarraga, Villabona, Orio... herrietako inguru zinegetiko eta berriketa lekuetan.
Jakin dudanez, Gipuzkoako Diputazioaren zerbitzura lan egiten duten zenbait hernaniar neri buruz hitz egiten ari dira...
Honako kontuak iritsi dira nere belarrietara:
- Diputazioko guardek ustekabean harrapatu naute, nere semea izan daitekeen ilehori batekin, foko infragorriekin ehizean, goizaldean, Azketan.
- Guardei aurre egin diet eta Ertzaintzaren laguntza behar izan dute. Armak kendu dizkidate eta multa (milioi askokoa, pezetetan) jarri didate.
Nere aktibitate zinegetikoaren berri lehenengo eskutik jakin nahi duenari esan nahi diot, fama dudala baimenak lortzen ditudalako leku eta egun pribilegiatuetan ehizatzeko, eta besteek ehizatu ezin dituzten espezieak ehizatzeko. Horrek inbidia sortzen du eta askok eta askok furtibo izatea leporatzen didate.
Oilagorrei dagokienean, nere txakurrek lagunduta ehizatzen dut beti, ehizerako ordua errespetatuz eta eraman beharreko baimena eramanez, Diputazioaren barrutian ehizatzeko; Azketan izan, zein Leitzaranen. Azken kasuan, behar den baimena ere lortzen dut, izan ere, Plazaolako pista itxita egoten da baimendu gabeko ibilgailuentzat.
Zeletari dagokionez, puntu estrategiko askotan ikusi izan gara hainbat ehiztari, beti eskopeta gabe.
Esan behar dut, ez dela ez fokorik izan, ez infragorririk, ez goizaldean, ez guardekin liskarrik, ez Ertzaintzaren laguntzarik, ez multarik eta ez didatela armarik kendu.
Gonbidapen bat luzatzen diet baimendu gabeko ordutegitik kanpo edo oilagorrak txakurrik gabe edo debekatutako lekuetan edo Zeletan es-kopetarik gabe... ehizean ikusi nautenei, zuzenean esateko edo hemen bertan idazteko.
Utziko al ditugu alde batera zurrumurruak, `esan didate´, `esaten dute´... bezalakoak? batez ere, min egin badezakete.
Bestela, ibili gaitezen kontu haundiagoarekin esan behar dugunarekin eta halako zerbait entzuten duenak esan diezaiola nere aurrean esateko, defendatzeko aukera izan dezadan.
Diputazioarentzat lan egiten dutenei dagokienean, esan nahi diet, kontu haundiagoarekin ibiltzeko esaten dutenarekin, beraien lanbideak ematen dien sinesgarritasunaz baliatzen ari baitira. Utzi lanean guardei eta zerbitzu juridikoei, eta neri eta nere txakurrei utzi oilagorrak edo dena delakoak ehizatzen, indarrean dagoen araudia betez.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!