S. Joan Bautistaren ohorezko festak dira Hernanikoak, ekainaren 23-27 bitartean ospatzen direnak. San Joan bezperan, 23 gauean, sorginak erretzen zituzteneko garaiak gogora ekartzen dizkigute kalean eskainitako antzerkiaren bidez.
Europan XV-XVII. mendeetan, 500.000 pertsona inguru jo zituzten herejetzat eta ondoren sutan erreta hil. Haien krimenak: deabruarekin paktuak egitea, akelarretan bilera ilegalak egitea, erratzaren gainean jarrita hegan egitea, bizilagunen behia hiltzea, kazkabarrak eragitea, uztak hondatzea …
Baina, nortzuk ziren sorgin horiek, torturapean behartuta, beste sorgin batzuk salatzen eta asmatzen ibiltzeko? Adineko emakumeak ziren, pobreziak baztertutakoak, kleroak eta nobleziak aberastasuna bereganatzen zuten jendartean. Haiei botatzen zieten zoritxar guztien errua eta bizilagunen arteko mesfidantza eta beldurra pizten zuen horrek. Edonor ibil daiteke deabrukeriatan! Eta horren kontra borrokatzeko eta babesa lortzeko, zer hobeto Estatu eta Kleroaren boterearen laguntza baino! Pobrezia eragiten zutenak pobreen babesle bihurtzen ziren. Eduardo Galeanok esaten zuen bezala: «pobreen aurkako pobrezia babesten zuten».
Eta gaur egun baztertuei, immigranteei, errua botatzen zaienean esanez, krisiaren eragile direla, pobreziara eramaten gaituzten gehiegikerien egile, ez ote gara sorginkeria mota berri baten aurrean egongo? Ez al da sorgin-ehiza berri bat pentsatzea gaitz mota guztiak ekartzen dituen bizilaguna kanpotik etorritako horixe dela? Eta orain arteko gure lorpen sozialak txikitzen laguntzen badiegu, ez al dira izango botere politikoak, komunikabideak eta bankakoak krisiaren irtenbidea aurkitzen lagunduko digutenak?
Utz ditzagun libre aurreiritzi eta fama txarreko sutatik gure bizilagunak: immigrante eta emigranteak. Elkarrenganako laguntza behar dugu ekonomiaren porrotaren beldurrak ez diezagun ikusarazi pateren ordez erratzak eta inmigranteen ordez sorginak.