Hernani 25.000 biztanlera iritsi liteke, ordenamendu berriaren arabera

Kronika - Erredakzioa 2005ko mar. 19a, 01:00

Arau subsidiarioen behin behineko proiektua onartu berri du Udalak eta esposizio publikoan egongo da hiru hilabetean, derizkionak alegazioak egin ahal izateko

Udalak eztabaida publikora aterako dituen Arau Subsidiarioek Hernanin datozen 10-15 urteetan 4.750 etxebizitza berri egiteko aukera jartzen dute, gaur daudenak baino % 48 gehiago. Udalak egindako estimazioaren arabera, biharko Hernanik 11.172 etxe eta 25.000 biztanle izango ditu. Ia etxebizitza erdiak, 2171, babes ofizialekoak izango dira, horietatik hernaniarrentzat zenbat izango diren oraindik zehazteko badago ere. Etxe promozio bakoitzean markatzen diren irizpideen esku geldituko da hori. Bestalde, Arauetan zehazten ez badu ere prezio tasatuko etxeak bultzatzen jarraitzeko asmoa du Udalak. Portun gehiena Etxe multzo haundiena Portu eta Karabel arteko tartean joango da, 889 bizitza, horietatik 530 babes ofizialekoak. Horretaz gain, leku erresidentzial haundiak dijoaz Galarretan, Santa Barbaran, Floridan, Sagastialden eta Villasen. Iñaki Arratibel Hirigintza buruak hain zuzen ere etxebizitzaren gaian ikusten du Arau proposamen berri honen indar gune nagusietako bat: «etxebizitzaren arazoari bete-betean heltzen dio, eta erabat konpontzen ez badu ere konponbiderako oinarriak jartzen ditu.» Aurrera begira lehendabizi martxan jarriko diren etxe promozio haundiak Sagastialdekoa eta Txantxillakoa izango dira, lehendik erabakita daudenak. Hortik aurrera, ordea, ikusteko dago zein zonalde berri urbanizatuko diren eta Udalak lurra erosteko egin beharreko gestioek pisu haundia izan lezakete, Arratibel zinegotziaren esanetan. «Dokumentu osoa» Hirigintza buruaren hitzetan, Plenoak aho batez onartutako Arau proposamen honen beste indar gune bat da «eztabaidarako dokumentu osoa izatea». Alde horretatik, Arratibelek uste du herritarrek ere osotasunean aztertu behar dutela proposamena, eta dokumentuari egin beharreko alegazioak ere proposamen berri batekin batera etorri behar luketeela. Alderdi Sozialistak ere eztabaida dokumentuaren alde egin du eta babes ofizialeko etxeak egitea azpimarratu du. Bildu Hernanik oso ezberdin ikusten du gaia. Prozesu guztia «herritarrei bizkarra emanez egiten ari dela» salatzeaz gain, uste du 4.350 etxe egiteak ez duela zentzurik eta dio «eraso eta atentatu urbanistikoa» dela, espekulatzaileen mesederako. Horren aurrean BHk proposatu du «garapen neurtua eta pausatua», aurreko legegintzaldian EHk Arau Subsidiarioei buruz egindako azterketaren bidetik. Edifizio publiko bana Etorkizuneko gune erresidentzial berri bakoitzak egoitza publiko bana izatea aurrikusten da Arauetan, edifizio horren erabilera definitzen ez bada ere. Bestalde, hirugarren sektorerako ia hiru hektarea gorde dira, Agustinatakoa tartean dela. Portun zerbitzuetarako lur-sailak aurrikusi dira. Kirol ekipamenduari dagokionez, ordenazio berrian Txantxilla desagertu eta igerileku irekiak planteatzen dira, Mendi-Mendian edo Latsunbe inguruan dijoazenak. Hezkuntzan bi aktuazio nagusi planteatzen dira: EPOko zentroa Santa Barbara Institutuaren ondora eramateko aukera eta Urumea Ikastola Gay-Mur-era aldatzekoa. Osasungintzan, kulturan eta zerbitzu publikoetan oraingo azpiegiturak indartzea proposatzen da eta ez da eremu berririk planteatzen.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!