Bat gutxiago gara!

Kronika - Erredakzioa 2011ko aza. 25a, 21:01

( Nahia Eguskizaga Bilbao Ana Revuelta Andrés Txoko feministako kideak ) Azaroak 25 emakumeonganako indarkeriaren kontrako eguna, gure agendan gorriz seinalatutako data bihurtzen da urtero. Haserrearen kolore. Aurten, gorriago markatu dugu. Ez baitugu ahaztu uztailaren 3an, Fredy Apolok Rosario Román de la Fuente hil zuela. Aurten, bat gutxiago gara. Kolore morearekin atera zen herria hurrengo egunean kalera! Haserre geunden, ezin genuen onartu hori gure herrian gertatzea, harrituta ere bai, inoiz ez baitugu uste gure ondoan horrelakorik gertatuko dela. Baina askotan ez dugu jakiten gure errealitatean gertatzen dena antzematen. Horrelako kasu latzetan bakarrik konturatzen gara Gure lantokiek, ikastetxeek edo familiek oraindik ere desagertarazi ezin duten puntu gorria da indarkeri matxista. Gure bizitzako esparru guztietan, modu estruktural batean bizirauten duena. Nazkatuak gaudela sarritan esan dugu, pairatzen ditugun diskriminazio sotilenetik, indarkeriaren erakusle estremoraino. Guztietaz nazkatu gara. Eta argi izan behar dugu, grabeenak ez direla desagertuko, sotilenak de­sagertzen ez diren bitartean. Horregatik, berriz ere, egun hau iritsita hausnarketa sakona egitera dei egiten dizuegu: gure portaerak, gure sinismenak, elkarrizketak, festak…eraldatzera eta harreman parekide batzuetan oinarritzera… Aurten bat gutxiago gara, bai, baina askoz gehiago gara jendartea morez tintatzeko irrikaz gaudenak, gure bizi­tzaren esparru guztiak morez begiratu eta diskriminazio guztiak errefuxatu nahi ditugunak. Gauza txikietatik hasi beharra dugu, handiak aldatu ahal izateko. Etxetik hasi behar dugu, kalean gauzak aldatzeko. Emakume eta feministon arteko elkartasun sarea elikatzea ezinbestekoa irudi­tzen zaigu. Autodefentsa feministaren aldeko apostua egiten dugu sistema matxista heteropatriarkala kolektiboki eraldatzeko. Guzti hau salatzeko, gaur, azaroak 25, arratsaldeko 19:30etan, Plaza Berrin egingo den kontzentrazioan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. ERASO SEXISTARIK EZ!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!