( Ana Revuelta Andres
Garazi Jauregi Carrera
Nahia Eguskizaga Bilbao
Hernaniko Txoko Feministako kideak ) Azken hilabeteek indarkeria sexistaren zantzu garbiak utzi dizkigute Euskal Herriko txokoetan, Burlatan Yanela, Durangon Jone, Portugaleten beste emakume bat eta bere haurra izan dira erailak. Eta atzo Hernanin, Rosario erail zuen bere bikotekide ohiak, eta honen alaba zauritu.
Hemendik elkartasunezko besarkada handi bat Rosarioren alaba eta familiakoei. Gure nahia halako erasoak gehiagotan ez gertatzea da. Eraildako emakumeen zerrenda handitzen doala ikusteak hotzikara ematen du, kezkagarria da eta eraso hauen iraunkortzeak amorruz bete eta NAHIKOA DA! ozen esatera eramaten gaitu, kalean, etxean, lanean, ikastetxean, tabernan, jaietan, ohean, harremanetan. NAHIKOA DA! Izan ere, indarkeria mota hau gure gizartean gertatzen den giza eskubideen urraketa larrienetarikoa eta hedatuenetakoa da. Patriarkatuak emakumeon aurkako indarkeria eta sexuen arteko botere harremanak bultzatzen ditu, eta biolentzia, gizartean emakumeok jasaten dugun mendekotasuna betikotzeko kontrol mekanismo gisa erabiltzen du.
Baina ez dugu inposaketarik onartuko! NAHIKOA DA! Ez dugu eraso sexistak bultzatu, onartu eta iraunkortzen dituen sistemarik onartuko! Horregatik egongo gara gaur 20:00etan Gudarien enparantzan eraso hau salatzeko egingo den gaitzespen ekitaldian, eta bihar, etzi eta hurrengoan ere jendarte eredu parekidea eraikitzeko lanean kalean, etxean, ikastetxean, tabernan, jaietan, lantegietan, ohean, harremanetan. Autodefentsa Feminista bultzatzen, jendarte eredu parekidea eraikitzen. Gonbidapen zabal bat: etorri, asko bagara hobe, hau guztion ardura da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!