Ibon gaixo dute, nahita

Kronika - Erredakzioa 2011ko eka. 30a, 02:00

( Lur Etxeberria Iradi )

Ibon gaixo dute, nahita
Ondorengo lerrootan Ibon Fernandez Iradi herrikidearen egoera azaltzen saiatuko naiz. Kartzelan egotea nahiko zigorra ez, eta gaixorik daukate, diagnostikorik egin gabe, zer daukan jakin gabe eta, ondorioz, zeri aurre egin behar dion eta nola jakin ezinik. Inzertidunbrea eta sufrimendua. Kronika hau ez da berria, baina bai argigarria. 2010eko abenduaren amaieran lehen sintomak sumatzen hasi zen: beherakoa eta oinazeak sabelaren ezkerreko aldean. Kartzelako erizaindegira joan eta gastroenteritisa dela esanez medikamentua eman eta bere zeldara bidali zuten berriro. 2011ko urtarrilean, beherakoa zena idorreria bihurtu zen eta sabelaldeko mina areagotu zitzaion. Erizaindegira etengabe joaten zen. 2011ko otsailean, sabelaldeko mi­na areagotzearekin batera, mi­na ezkerraldeko hankara ere pasa zi­tzaion. Minak lo egitea eragozten zion eta mugitzeko zailtasunekin hasi zen. Erizaindegira ia egunero joaten zen eta sintomen arabera emandako botikak hartzen jarrai­tzen zuen. Azkenean, otsailaren 18an, plaka batzuk egin zizkioten, baina hauetan ez zen ezer ikusten. Medikuak, ordea, hernia edo nerbio-estutze bat izan zitekeela ondorioztatu zuen. Hau entzutean, Ibonek ospitalean frogak egiteko eskaera egin zuen eta medikuak halaxe erantzun zion: `Ezta pen­tsatu ere, laster pasako zaizu! Laster zara lehen bezala kirola egiten´. Espetxean, ospitalera eraman ahal izateko, bertako medikuak egin behar du proposamena. Hala ere, familiak ospitale ba­tetara joateko tramiteak egiteko au­kera daukala esan zion medikuak, presoaren eskubidea dela. Beraz, familia Madrilera bidaiak egiten hasi zen eta Quiron ospitalean osasun-azterketa egiteko au­kera aztertzen. 2011ko martxoan, gaixotasuna areagotzen ari zitzaion eta errenka zebilen. Ospitalizazioa? Ezta pentsatu ere! 2011ko apirilean, gaixotasunak ia gorputz erdia hartzen zion. Egunak pasatzen zituen ohetik ezin altxata; ezin zuen ziegatik patiora atera, min etengabea; ezin zuen zutitu... Azkenean, kamillan eraman behar izan zuten espetxeko erizaindegira. Orain bai. Os­pitaleko larrialdietara eraman zuten (ezbeharren bat gertatzeko beldur eta eskuak garbitu na­hian). Presoa, euskalduna eta po­litikoa, Madrilen, Guardia Zibilez inguratuta. ´Venimos a traerle al hijo p… este´, honela aurkeztu zioten Ibon ospitaleko medikuari. Medikuak aurpegi arraroa jarrita `arraroak´ zituela esan zion eta gaixotasun bat baino gehiago aipatu zizkion, horietako edozein izan zezakeela, alegia. Erantzunik gabe, ospitaletik espetxera eraman zuten bueltan. Frogak aurrerago egingo omen dizkiote. Noiz? Batek daki! 2011ko maiatzean, egoera okertzen zioan; gorputz erdia zeharo harrapatuta: ezkerreko hanka gogorturik, ezin ibili, mina sabelean eta bularrean, ezkerreko besoa guztiz txingurrituta, gorputz erdia lokartzen zitzaion… Medikuen erantzuna: zer daukan jakin gabe, injekzio eta pastillak barra-barra ematea. Egunak joan, egunak etorri, ohetik ezin altxa. `Eskerrak, behintzat, Quirongo froga laster dudan´ pentsatuz kontsolatzen zen Ibon. `Froga eguna iritsi da! Azkenean!´ Goizean deitu diote: ` Oiga ha venido una orden del Ministerio, no vamos a sacarle a la clinica, por razones de seguridad´. Kolpe latza! Familiak Ma­drilera egindako bidaia guztiak alferrik. Denbora eta diru galera izugarria. Berriro presoen osasunarekin eta senideekin `jolasean´. Ezezkoa jaso eta berehala, epaiketa-eguna iritsi zen, eta ordura arte ia ezinezkoa bazi­tzaion ere zutik egotea, epaiketara eraman egin zuten. Ospitalera EZ, baina epaiketara BAI! 2011ko ekainean, gaixotasunak okerrera egiten jarraitzen du. Zer daukan ez daki, horretarako egin beharreko azterketarik ez diote egin, frogak egitea eragotzi baitiote. Euskal preso politikoentzat ez da gauza berria kartzelan horrelakoak gertatzea; zoritxarrez, ba­tzuetan gauza larriagoak ere gertatzen dira. Ibonen kasuan gaixo dute, nahita!

Lur Etxeberria Iradi

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!