Baratze bat nahi dizut egin... (abeslaria: Pier Paul Berzaitz)

Kronika - Erredakzioa 2011ko eka. 25a, 02:00

( Jexux Eizagirre Portillo ) Segundo Montes zen misiolari bat, El Salvador lurretan hil zutena Ellakuria euskaldunarekin batean. Egun, Segundo Montes da: lur hartako herri bat (bere hitzetan Comunidad). Pakean bizi nahi dute. Haien gaurko borroka: eguneroko premiak: jan, jan­tzi, osasuna, eskola... Horie­tako premi bat: ura. Urrundik ekarri behar dute. Presa egin behar da; ubideak; estolderia... Ez daude bakarrik. Badute beste `segundomontes´ eta `ellakuria´ batzuen laguntza: Alemaniako jendea... baita... Euskal Fondoa, Zizurkil, Billa­bona, Aduna eta Asteasuko udalak ere. Elkar lanean ekarriko dute ura. Eta, urarekin batean: garbitasuna, baratzeak... Horra zer duten amets. Pedro Mari Otaño zen ber­tsolari bat, Zizurkilen jaioa eta Argentinan hil zena (emigrante). Txirritaren hainbat bertso (Kubako gerra kolonialistari...) Otañori ikasiak dira. Egun, Pedro Mari Otaño da: Zizurkilgo eskola. Segundo Montesen duten eskolarekin dago anai-arreba egina. Elkarri ematen diote norberaren kulturaren berri: ohiturak, kantak, zer gela duten, zer jaten duten... Bi eskolek dute baratze bana. Segundo Montesen duten baratzea da: ikasleek jaten ikas dezaten. Pedro Mari Otañokoa: pedagokikoa. Pedro Mari Otañoko ikasleek, baratzean, ateratako `produkzioa´ (barazki, eta intxaur batzuk) saldu egin dute, 180 eurotan. Baita Segundo Mon­tesko anai-arrebei bidali ere. Gezurra dirudi zer egiten duten 180 eurokin. Peoi baten jornala: 11 euro, lan-eguneko. Eta ez dute egunero lanik aurkitzen. Pentsa. Nahi badugu ikasi zer izan garen Ameriketako herrien-tzat, erreparatu besterik ez dugu Pedro Mari Otaño ber­tsolariari, eta Pedro Mari Otaño eskolari: batzuetan izan gara kolonialista; bestetan, emigrante, misiolari... eta, orain, anai-arrebak. Lehengo batean, Segundo Monteskoak etorri ziren Pedro Mari Otañora, urtero bezala. Eta urtero bezala liburuak-eta, eman zizkien hemengoek hangoei. Aurten, beste zerbait ere eman diete: haziak. Hango baratzean erein... eta... amets egiteko. Baratze bat nahi dizut egin, nire amets sekretuekin... dio kantak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!