Arratsalde bat gehiago

Kronika - Erredakzioa 2011ko eka. 13a, 22:32

( Nekane Miner Villanueva ) Luzaketak egiten ari dela, abdominalak egiteko, neska­txari hankei eusteko eskatzen dio. Gorantz egiten duenean, neskatilak pisu gehiegi ez-eta, goraka igotzen du. Barre-algaraz betetzen du gela airean oreka gorde ezinean dabilen neska irribarretsuak. Gaztea, zutitu eta 20x1 m-ko pasilora joan da korrika egitera. Neskatila eta bere anaia txikia korrika hasi dira bere atzetik. Korridorea estua denez, elkar gurutza­tzerakoan, gaztea umeak saihestu ezinik dabil eta jenio txarrez jartzen hasi da. Haurrei grazia egiten die horrek, eta zirikatzeko, hurrengo bueltan gazteari txandalatik behera tiratzea erabakitzen dute. Saiatu saiatzen dira, baina lortu ez. Eta, borroka horretan, neskatila harrapatu eta buruz behera zintzilikatzen du, soinekoa baitu honek. Barre-algarak berriro. Hurrengoa, mutikoa da. Atzetik korrika joan zaio gaztea, eta honi ere, kuleroak bixtan jartzen dizkio galtzak jaistearekin batera. Irrien durundia etxean zehar indartsua da hirurak pilota bat eginda lurrean bueltaka dabiltzanean. Argi dago. Kirola egin nahi badu, umeekin batera izan beharko du. Egongelara jo eta lasai asko irakurtzen ari den beste gazteari futbol partida jokatu nahi duen galdetzen dio. Berehala daude laurak baloiaren atzetik, zeinek gol gehiago sartu lehiatzen. Nekatzerako afalordua iritsi da, eta telebista apur bat ikusi ondoren, oheratzekoa. Bihar ikastolara joan behar da. Hernani, 1984ko ekainaren 14a. Eskerrikasko Txuria, Kattu, Garratz, etab., guztiei, txikitatik askatasuna dasta­tzen irakasteagatik. Etsaiaren gorrotoak ezingo du inoiz maitasunaren indarra deuseztatu!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!