Hernanin Zero Zaborretik, eskerrik asko
Denborak erakutsiko du 2007tik 2011ra Hernaniko udalean agindu dutenen balantzea. Urteak pasa ahala garbiago ikusiko da ea gogoan hartzekoa den ala ez horiek hirigintzan, gizarte zerbitzu eta ongintzan, herrilanetan, euskaran, kulturan, etxebizitzetan eta abar, lau urteotan egin dutena. Baina dagoenekoz bai esan dezakegu hondakinen gaian Hernanik lau urteotan sekulako aurrerapausoa egin duela, eta HZZk hala aitortu nahi du publikoki. Hondakinen kontuan, Atez Ateko bilketa martxan jartzean, ausardiaz jokatu dute urteotan ANVren zerrendan aukeratutako zinegotziek, alkatea buru zutela, eta Aralar-Ezker Batukoak. Hernanitik bost kilometrora eraiki nahi duten Intzineradora ez dugu ia inork nahi, oso demostratuta dagoelako osasunarentzako kaltegarria dela, ingurumenarentzako negargarria, ekonomia aldetik kristoren diru zuloa. Baina ´Errausketarik ez!` oihu egitetik alternatiba martxan jartzera koska handia zegoen; tartean, herritarrok eguneroko ohiturak aldatu behar genituelako. Aurretik Italian, Katalunian eta munduko beste leku askotan ikusitakoa ikasita, Usurbilek erakutsi zuen bidea. Baina intzineradorarekin negozioa egin nahi dutenak azkar konturatu ziren. Horregatik, Usurbili egurra eman ondoren, Gipuzkoan errausketarekin aberastea pentsatuta zeukaten enpresaburuek, politikariek eta komunikabide handiek Hernanin zentratu zuten Atez Atekoaren kontrako bataila handia. Hernaniko udalean agindu dutenek eraso guzti horien artean egin behar izan dute lan. Batzuetan herritar ugariren purrustak ere entzun behar izan dituzte. Kalte handiak egin ditu Gipuzkoako egunkari salduenaren pozoiak; herriko politiko ajolakabe batzuen demagogiak ere bai. Baina udaletik, ezker abertzaleko alkate eta zinegotziek, Aralar-EBkoaren laguntzarekin, aurrera segitu dute eta emaitzak hor daude. Gaur Hernani eredu da Gipuzkoan hondakinen kudeaketan, eta gu herritar moduan harro gaude. Horregatik esaten dizuegu, egunotan zuen karguak uztera zoazten alkate eta zinegotzioi: mila esker zuen lanagatik eta fundamentuagatik.
Mattin Aldaia Olasagasti Hernanin Zero Zabor