( Iulen Lizaso Aldalur ) Zer eskatzen dute Puerta del Soleko M 15eko kanpatuek?: «Esan nahi duguna entzunarazteko eta kalera gehiago atera beharrik ez izateko, adierazi ahal izateko tresnak behar ditugu».
Hiritarren parte-hartzea erreala izan dadin, hiru proposamen egin dizkiote gobernuari: 1) Hauteskunde Legearen Erreforma 2) 3/1.984 Lege Organikoaren Erreforma, zeinak erreferenduma egiteko Legegintza-ekimen herrikoia erregulatzen duen, eta 3) Internet bidez aukeratutako herritarrek gobernuko arduradunekin eztabaidak izatea, telebista publikoan, maiztasun jakin batekin.
Gehiegizko botere nahiak eta, batez ere, hedabideetakoak, izugarri haserretu ditu gazteak (espainolak). Gazte horiek erreformak eskatzen dituzte, elkartu ahal izateko, alde batetik legaltasun parlamentarioa, eta bestetik zilegitasun herrikoia. Hiritarrekiko enpatiari eta elkartasunari lehentasuna eman nahi diote, eta ez horrenbeste entitate finantzario ez-produktiboei.
«Erditze» sozial zibilizatu hau bidea egiten ari da gizarte beldurtu baten kexa artean. Ezin zitekeen eman babes eta arrazoi handiagorik beste inongo plazan. Ez dut pentsatu ere egin nahi hau izan daitekeela gazte abertzaleen arrazoietako bat geldirik jarraitzeko, arlo honetan gazte espainolen arazo berak baitituzte... eta teorian kontzientzia handiagoa.
2011ko maiatz espainiarra bizigarria da 68ko maiatzeko erresistenteentzat. Itxaropenik gabe dena bertan behera uzteko zorian ginela, orain bai diogula gogoz: Euskal Herrian ere, haserre gaude!... Baita pozik eta baikor ere, bereziki Hernanin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!