Hernaniko kirolgintzarekin gertatu litekeenarekin kezkatuta, Tolosako Iñaki Arratibel kirol mediku ezagunak idatzitako artikulu hau gomendatu nahi diegu hernaniar guztiei, bertan azaltzen delako, Hernanin gertatu litekeen problematika berdina:
«Zer esan nahi dut izenburuarekin? (‘Nor da kirol jardueraren arduraduna?’) Gure gizartean kirol berri bat egitea planteatzen denean, ez dugula garbi norengana jo. Eusko Jaurlaritzara? Foru Aldundietara? Udaletara? Kirol Talde edo Eskoletara? Nahaste-borraste handi bat daukagu. Badaude lurralde batzuk, Alemania adibidez, klubetan antolatzen direnak: kirol eta jarduera fisiko guztia klubek antolatzen dute. Baina gure tendentzia publikoa izan da; alegia, administrazio publikoaren eskuetan dago lehiaketa ez den kirol edo ekintza fisiko guztia. Neurri batean, instalakuntzak gehienbat publikoak izateak bultzatu du hori, antolakuntza publikoa izatea. Hori, nire uste apalean, ez da biderik onena izan. Zergatik? Udalek ezin dituztelako ekintza ezberdin asko antolatu. Bestalde, Udal askotan, kirol taldeak, talde pribatuak balira bezala tratatzen dira. Horregatik, horiei diru laguntzak ematea, talde pribatuei laguntzea bezala da. Baina nik Udaletan daudenei galdera hau luzatzen diet: zer gertatuko litzateke klubak desagertuko balira? Nork hartu beharko luke gazte horien kirol partaidetzaren ardura? Prest al daude Udalak kirol guzti horiek antolatzeko? Pena sentitzen dut; askotan, klubetako kideek diru-laguntza eskatzen dutenean, beraien poltsikorako izango balitz bezala tratatzen dituzte udaletxeetan; eta asko musu-truk lanean ari dira. Eskatzen dena da, medio, entrenatzaile eta monitore prestatuagoak. Eta hori, nire ustez, Udalen zeregina da. Lagundu egin behar da, klubek kirolaren ardura har dezaten, antolakuntza on batekin».