Informazioa, eskubideak eta obligazioak, Arrieta jauna

Kronika - Erredakzioa 2011ko api. 12a, 02:00

( Andoni Amonarraiz EAJ-PNVko bozeramailea ) Beste behin, Gobernu Tal­deko zinegotzi batek errieta egin dio oposizioko kide bati. Kasu honetan errieta egin zidan ausarta izateagatik, eta zinegotzi naizen heinean, Hernanin egin behar den guztia jakiteko eskubidea dudala aldarrikatzeagatik. Gobernu Taldearen obli­­gazioa da, Udalak parte hartuko duen edozein ekitaldi instituzionalen berri ematea. Ekitaldi hauetara joan gaitezke, salbuespenak salbuespen, korporazioa osatzen dugun 17 zinego­tziak, eta ez Gobernu Tal­deko 8ak bakarrik. Gure eskubidea da, eta Gobernu Taldearen obligazioa, Arrie­ta jauna. Arrieta jaunak, ohikoa den bezala, gaiaren garrantzia beste alde batera desbideratu nahi du; gauza da, Gobernu Taldeak Villa Ave Maria publikora zabaltzeko inaugurazioa antolatu zuela, beti ere oposizioa abisatu eta gonbidatu gabe. Abisurik ez zuten pasa bazekitelako egiten ari zirena ilegala zela, obra ez baitago bukatuta. Hau da, adibidez, tirolinan istripuren bat gertatuko balitz, ez dakit zein seguruk kubrituko lukeen zauritua. Hauteskundeen aurretik, inaugurazioak egiteko epea orduan bukatzen zen, eta garbi dago horregatik egin zutela, argazkian atera nahi zutelako. Egia da ni beti Villa Ave Mariako 1.400.000 euroko proiektuaren aurka egon naizela. Arrazoia da, aurretik bazegoela beste proiektu bat. Proiektu honen kostua 100.000 eurokoa izango litzateke urtero, eta antzeko parke bat izango genuke, 2007tik herritarren gozamenerako zabalik egongo litzatekeena. Juan Inazio Arrieta jaunari gogoratu arazi nahi diot proiektu hura 2006an hasi zela martxan jartzen, eta 2007an bigarren fasea hastekoak zirela. Baina bera iritsi zen, Gobernu Taldea­rekin batera, eta 2010era arte bertan behera utzi zuten. Proiektu honen oinarrian, gaur egun egin diren bideak aurreikusten ziren, eta baita iluminazio eta berdegune zabalak, kaleko mobiliarioa.. eta abar. Disei­nua herritarren parte hartzearekin egin zen. 1.400.000 euroko proiektuari ezetz esatearen arrazoietako bat hori zen, eta bestea, diru kopurua bera; beste zerbaitetan gastatu zitekeela uste dut. Espero dut Arrieta jaunak parte hartzea zer den gogoratzea. Azkenik, esan nahi dut, sekula ez nuela pentsatuko Villa Ave Mariaren inguruko informazioa ez emanda zigortuko nindutenik. Ez nuen uste parkearekin zerikusia zuen gauzetatik aparte utziko nindutenik, nire kontzientziak agintzen zidana eta nire ustez Herna­nirentzat onena zena bozkatzeagatik. Hau da Gober­nu Taldearen politika egiteko modua, eta eskertzeko zerbait badut: egunetik egunera erakusten dit nola ez gobernatu herri bat. Animo. 39 egun geratzen dira.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!