( Koro Etxeberria Aranburu ) Animalien Ordenantzaren aldaketa zela eta, otsailean, ados ez ginen txakurren jabeak elkartzen hasi ginen, plataforma moduko bat edo antolatuz, zer eta nolako erantzuna eman behar genuen erabakitzeko. Handik aurrera zenbait bilera egin dugu, eta handik aurrera ere, ikusi dugu herri santu honen politikarien jarrera aldaketa.
Lehendabiziko bozketan, PSOEk, PPk eta EAJk, aldaketaren alde bozkatu zuten, Hamaikabat berriz, beti bezala, ez txuria, ez beltza, ezta grixa ere, abstenitu egin zen, aurka omen zeuden, baina abstenitu egin zen.
Baina herrian sortu den giroa ikusita, eta hauteskundeak bertan ditugula, denak, putreak bezala dabiltza, ea nork lortzen duen alkatetza, eta horretarako edozer gauza egiteko prest.
Baina lotsagarriena lehengo ostegunean gertatu zen. Plaza Berriko kontzentrazioan ginela, hor agertzen zaigu ´Estefania, del PSOE`, badirudi horrela aurkeztu zuela bere burua, bi bizkartzainekin, eta aurkeztu bezain laister, hor jarri zen taldean argazkian ateratzeko. Maniobra horretaz garaiz konturatu ginenak, noski, erretiratu egin ginen eta gure amorrua adierazi. Hori, manipulazio hutsa da!
Politikariek, benetan gure interesak defenditu nahi badituzte, bete dezatela beren lana Udal barruan, hauteskundeak direla eta, herritarrek antolatutako taldeak erabili gabe.
Nire protesta sutsuena PSOEko hautagai horrentzat.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!