Utopia

Kronika - Erredakzioa 2011ko api. 13a, 02:00

( Jexux Eizagirre Portillo ) Eguraldia: espeziala. Parkea: ume bete. Erdian: jolastokia. Edian: gaztelua. Biloba txikiak amona ekarri du, gazteluaren oinetara. Sarea trepatu eta hor non abiatzen den, zanbuluka, zubian barrena. Beste ume bizkorrago bat gazteluaren teilatura igo da. Ekaitz atzetik dihoakio. Bizkorrak salto egin du teilatutik, eta Ekaitz han gelditu zaigu, ez atzera eta ez aurrera, hiru metroko alturan. ´Amonaaa, lagunduuu!`. Bizkorra, berriz, kalera joan da. Burdinazko barandila batera igo da. Ekilibrioa egiten hasi da. Gero, ... Beste ume bat, arrastaka dator gazteluraino. Sareari eutsi, eta tira egin du, tente jartze­ko. Baina, sarea malgua da, eta atzeraka erori da. Eskerrak ipurdi handia duen! Orain, kolunpioa probatu nahi du. Hara abiatu da, arrastaka. Kolunpioak okupatuta daude. Itxoin egin beharko. Azkenean, nexka-koxkor batek txanda eman dio: ´Ibili nahi?`. Nexkak lagundu egin dio kolunpioan esertzen. ´Bultza, zeruraino!` esan dio nexkari. Bultza bai; baina, xuabe-xuabe egin dio bul­tza... eta, halere, lurrera erori da, muturrez aurrera. Kolunpioak ´xestoa` balu, ez zen eroriko; baina... Nahiz eta kristolako muturrekoa hartu, gustura dabil gure mutikoa. Lagun bat egin du. ´Ibiliko gara... txirristan?`. ´Bale!`. Txirrista txikiak ez du ba­randilarik. Nexkak lagundu nahi dio igotzen. Baina... ezin izan dio eutsi... eta... biak erori di­ra atzeraka, zilipurdika, bata bestearen gainean. Postura ho­rretan, biak hasi dira algaraz. Eta... berriro saiatuko dira igo­tzen. Horretan daudela, ama etorri, eta aulki gurpildunean ese­ri du mutikoa. ´Esaiozu, bihar arte! Emaiozu pa nexkari`. Traba guztien gainetik, umeek umeekin ibili nahi dute. Nonbait, gaur, utopia da jolastokiko aparatu guztiak ume guztientzat egokitzea. Baina, saiatu egin beharko genuke. Bestela, zer ume-jende ari gara munduratzen? Oraindik ere parkean entzuten da ´Amonaaa, lagunduuu!`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!