Bai errausteari

Kronika - Erredakzioa 2011ko mar. 6a, 01:00

( Iulen Lizaso Aldalur ) ´Bai errausteari`
DVko elkarrizketa batean (hi­lak 26), Carlos Ormazabal di­pu­tatuak horrela erantzun zion kazetariaren galdera honi: «zer iruditzen zaizu atez ateko hondakin bilketa?», eta Orma­za­ba­lek, beste behin: «alternatiba gisa saldu nahi izan digute, hondakinak erretzearen alternatiba gisa, baina hondakinak biltzeko sistema bat da, ez hondakinak tratatzeko sistema...».  

Trafikoko multak ere ez dira gidatzeko sistema bat, baina lor­tzen dute gutxitzea inorentzat nahi ez dugun hori. Ormazabalen erantzunak balio diezaieke Atez Atekoa bultzatzen ari direnei, helburu batekin ari baitira: zero waste, edo zero zabor; inorentzat nahi ez duguna eliminatu, erraustu gabe. Errefusa gutxitu nahi dugunok, Gutxiengo errefusa edo minimal waste, defendatzen dugu bilketa on bat egin behar dela, eta azken errefusa-kondar hori erraustu. Guk ez dugu Atez Atekoa jartzen erraustearen alternatiba gisan.

Gogorarazten digu: «Ale­ma­niako Alderdi Berdeko asesoreak adierazi zigun, erraustea sistema baliagarria izan litekeela, berziklatu ezin diren hondakinak deusezteko». Egia da, Florian Amlinger-ek hori esan zuen Cristina Enean; baina egia da, baita ere,  hondakin indeseableak errausteari buruz ari zela: alegia, azken kondarrei buruz ari zen, Atez Ate bildu, eta hor geratzen diren azken kondarrei buruz. Gogoratu, sistema hori obligatorioa dela Austria bezalako herrietan, eta Alemanian ere ez dutela organiko gramo bat bera ere errausten.

Diputazioak eskatuta, Novotec enpresak aztertu egin zituen Gipuzkoako basura pol­tsetako hondakinak. Emaitza? Soilik %7 da hondakin indeseablea; batez ere, pardelak, organiko eta amoniakodunak, fermentatu eta negutegi efektuko gasak botatzen dituztenak, kotxeetako CO2a baino 21 aldiz gehiago kontaminatzen dutenak. Batez ere, horrek kontaminatzen ditu zabortegiak, eta batez ere, hori da Europan errausten dutena. Gaur egun erraustuko balitz, Hernaniko hondakinen %17 erraustuko litzateke; Urnieta eta Astigarra­garen kasuan, %78.

Ormazabalek dio: «Gaur egun asko birziklatzen da». Ez litzaioke asko kostako zifra zein den esatea, eta horrela, konparatu egingo genuke Markel Olanok esandakoarekin: «espero dugu, 2016rako organikoaren %10 konpostatzea».  Orduan, zertan geratzen da promesa famatu hura? Alegia, «2009­rako bosgarren kontenedorea Gipuzkoa osoan, eta 2010erako bi konpostaje planta gehiago».

Iulen Lizaso Aldalur

(*erredakzioan euskeratua)
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!