Atez Atekoaren lorpenak estaltzeko zaborra

Kronika - Erredakzioa 2011ko mar. 5a, 21:16

( Unai Erroitzenea Gamio Zerbitzu Publikoetako Delegatu eta Hernaniko Zinegotzia ) Kezkagarria da benetan herri honetako oposizioaren jarrera, herritarren lorpenak onartu eta txalotu beharrean horiek gutxietsi eta gezurra gezurraren gainean botata estali nahi baitituzte. PSOE izan da lehena, bere alderdiak zuzendutako San Marko Mankomunitateak berak emandako datuak ezkutatuz eta argudio funsgabeak emanez: Atez Atekoaren emaitzak txarrak omen dira eta sistema deserosoa eta zikina. San Markoren arabera, atez atekoa martxan jarri zenetik abendura bitarte, %80,45 birziklatu dute hernaniarrek. Emaitza txarra da hori? Nola hobetu behar du PSOEk? Sistema deserosoa omen, baina hernaniarren artean egindako inkestak ez dio hori. Sistema zikina omen, eta jakina, zabortegiak eta errauste planta oso sistema garbia dira. Urrunago ere jo du PSOEko hautagai Estefania Morcillok, eta alkatetza lortuko balu, Atez Atekoa kendu eta 5. edukiontziaren sistema jarriko omen luke. Galdetu al dio Odon Elorza Donostiako alkate eta alderdikideari zergatik ez duen lau urtetan Amara auzoan jarritako sistema zabaldu? Ez al daki sistema hori Amaran mantentzeko eta etorkizunean Gro­sen ezartzeko Diputazioa­ren diru-laguntzen menpe dagoela Udala eta haiek gabe sistema aspaldi kendua izango zutela? Bestetik, Morcillo prest al dago Hernaniko 14 hondakin biltzaileak, 2 informatzaileak eta koordinatzailea kaleratzeko? Lanpostuak sortzeko bide bi­txia hautatu du gero. Oposizioaren koro horretan Hamaikabaten ahotsa ozen entzun da, baina ozen aritzeak ez du zentzuz aritzearekin zerikusirik. Izan ere, Hamaikabatek hernaniarren esfortzua eta emaitza onak txalotu beharrean, emaitzak manipulatu ditu, txarrak direla azaldu nahian. Beira bilketari dagokionez, Hernanin 2010eko ekainetik abendura Atez Atekoarekin 2009ko garai berean baino %22,92 gehiago birziklatu da. Hamaikabatek datu hori estali du, San Markoko beste herri batzuetan baino gu­txiago jasotzen dela esanez, baina konparaketa hori ez da oso bidezkoa, herri bakoitzeko komertzio motak eta kopuruak asko baldintza­tzen baitu erabilitako beira kopurua. Paperari dagokionez, egia da 2010eko ekainetik abendura 2009ko epe berean baino apur bat gutxiago jaso dela (%1,87 gutxiago), baina hemen hainbat faktore hartu behar dira kontuan: mankomunitate osoan jaitsi da (%1,16), hernaniarrek produktuak erosterakoan alferrikako paper edo kartoia erabiltzen dituztenak ez aukeratzea… ­, noski, ez ditu ontzi arinen datuak aipatu ere egin, 2010eko aipatutako epean aurreko urteko epe berean baino %57,95 gehiago bildu baitute hernaniarrek. Ez zaio datua aipatzea komeni, ezta? Zer esanik ez errefusari buruzko datuei dagokienez, %79,87 gutxiago jaso baita, eta ondorioz, euro asko aurreztu ditugu errefusaren tratamenduan, ingurumenarekiko kaltea ere gutxituz. Arratibeli beste datu esanguratsu bat aipa­tzea ere ahaztu zaio: San Marko Man­ko­munitateko batzarrean Ha­maikabateko ordezkari bakarrak Hernaniko Garbigunearen aurkako botoa eman zuela, gainontzeko alderdietako ordezkariek ez bezala. Azal diezaiela hernaniarrei zergatik joan behar duten Garberako garbiguneraino. Datuekin bezala, haien asmoak azaltzerakoan ere ez dute garbi jokatzen. Izan ere, ahotan 5. edukiontzia eta birziklatzea darabilten bitartean, praktikak oso bestelakoa dio. Haiek onartutako planen arabera, honezkero hiru kopost planta behar zituen Gipuzkoak, baina bakarra du, gainezka dagoena, eta beste biak ez dituztela eraikiko iragarri berri dute. Aitzitik, errauste planta egiteko lehiaketa egin dute jada (polemikaz betea hori ere), eta Gipuzkoako Udalak eta herritarrak hipotekatu dituzte datozen 25 urteetarako. Beraz, esana erraz, egina garratz. Azken hilabeteotan hernaniarrok ederki erakutsi dugu ez dugula zaborra nahi, ez mota bateko ez besteko zaborra, eta horren alde lan egiteko prest gaudela. Orain oposizioari dagokio, behingoz, hori onartzea eta errealitatea ez faltsutzea.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!