( Josu Arrieta Iraola ) Otsailaren hogeita lauan AHT dela eta, lurrak desjabetzeko akten sinadura oztopatu nahian, Udalaren atea itxi zen, eta baita Udaletxean, AHTren aurka zenbait pankarta jarri ere. Kanpoan, AHTren aurka eta desjabetuekin elkartasuna adieraziz zenbait lagun bildu zen.
Jakina, Hernaniko EAJren ordezkariari, Andoni Amonarraizi ez zitzaion gustatu, eta zenbait kexu azalduz, idatzi bat: ´Benetan, zerbait aldatzen ari dela?` (Kronika 2011, Ots. 26) prentsara bidali zuen.
Udaletxeko ateak itxi zirela eta, ´Berdin jokatuko al zuten ekintza hori ´AHTaren alde gaudenok` egin izan bagenu?` galdetzen du, jakingo ez balu bezala, urteetan zehar, AHTri buruz edozein informazioa lortzeko, hitz egiteko eta eztabaidatzeko instituzio eta erakunde publiko guztien ateak itxiak egon direla.
Andoni Udaletxean jarritako pankartaz kexatzen da. Ez zitzaizkion gustatu. AHTa egiteko, Hernanin, txikituko diren lur sailak eta mendiak, desagertuko den herri honetako kultur eta historia, Andoniri ez zaio axola. Ezta zuzenean kaltetu diren lagunen sentimenduak ere, ez zaizkio interesatzen. Pankarta inozenteak bai ordea.
Hernaniko EAJko ordezkaria kexu azaltzen da, baita ere, protesta ekintza geldiarazteko Udalak neurriak hartu ez zituelako, eta gainera manifestari baketsuentzat zigorra eskatzen du. Agian kolpatu, atxilotu, torturatu eta tirokatu egin beharko zituzketen.
Idatziaren amaieran, Andonik dio orain desjabetuek sinatzera Gasteizera joan beharko dutela, eta ironiaz: ´Horrela, Hernaniko Udaletxean agintzen dutenek herriaren interesen alde egiten dute` idazten du. Gustu txarreko burla, edo EAJren betiko manera: Izorratu bai, ondo izorratuko zaituztegu, baina lasai, ohea hurbil jarriko dizuegu. Lapurreta non sinatu behar den, hori da (´beren etxetik 10 minututara…`) Andonik desjabetuenganako erakusten duen arreta bakarra.
Idatzi guztian, afektatuenganako ulerkuntzazko edo errukizko aipamenik ez dago. Ezta naturaren txikizioaz ere, ez du ezer aipatzen.
Amaieran 86 egun falta direla esaten du. Mezua ez dut entenditzen, baina, EAJk eta jeltzaleek naturarekiko eta herritarrenganako duten jarrera aldatzeko, egunak ez, urteak beharko dituztela pentsatzen dut.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!