Hernani 2011: Txotx berri on? (eta II)

Kronika - Erredakzioa 2011ko ots. 20a, 22:12

( Luix Gorrotxategi Zigaran ) Hernanin errotzen ari den dibertsio eredua, urte osora hedatzeko joera duena, udako gau epeletan Tilosetan praktikatzen diren serenatak, serenoen faltan, nire deskantsua elikatzen duen serenitatea itotzen dute. Txotx denboraldian, egoera hau areagotzen da eta ondorioak Kaxko osoak sufri­tzen ditu. Esan izan didate azken urte hauetan ezagutzen dugun Txotx denboraldiaren formatoarekin gustora dauden Kaxkoko bizilagunak ere badirela. Izango ez dira ba!. Errespetagarria jarrera. Dena dela, horrek ez du arazoaren sustantzia aldatzen; diagnostikoaren gakoak berean darrai: ze erantzun ematen zaigu gure deskantsurako eskubidearen babesa erreklamatzen dugunoi?. Eskubideen aurrean errezeta gutxi: urratzen dira ala errespetatzen dira. Indarrean dagoen tabako legea nahiko adierazgarria da. Nire iritziz eskubideen arteko hierarkia nabarmentzen du lege honek: erretzaileen eskubideari kaltetuaren eskubidea gailentzen zaiola begibistan jartzen du. Funtsean, ez dago alde haundirik erretzaile eta zaratatsuen artean. Sostengarritasuna, erraustegia, Amiantoa, CO2, zarata... ez dira arazo isolatuak; giza eskubideen errespetoa oinarritzat hartuta ingurumena eta osasuna lotzen dituzten kate-begiak baizik. Hernanin eragin haundia duen pertsona batek Zarata publikoaren bueltan nire zenbait planteamendu kritikoekin ados azaldu ondoren, hauxe gaineratu zidan: ‘ez dut nahi herri hil bat’. Esaldi motza izan arren esanahi luzekoa izan daiteke. Espazio mugatu honetan ezin gehiago eta bi hitz. Hona nire erantzuna: herritar mordo baten osasunari kalte egiten diola aintzat hartzen ez duen biodibertsioarekin hobe konpostajea egitea. Barkatu, kasik hobe errefusarekin pilatzea. Edozein preziotara, edonon, edonoiz praktikatzen den dibertsioaren kontra nago. Dibertsioa beharrezkoa dela? Zalantzarik ez. Eskubide bat dela? Agian bai. Hortik, ordea, bere erabilpenean deskantsurako eskubidea, osasunerako eskubidea urratzeraino iristea onartezina deritzait. Arlo publikoarekin zer ikusia duen herritarren bizi kalitatearen babesa administrazio publikoei dagokie (Udala barne). Harrigarria baldin bada ere azken hiru urteetan Txotx Batzordeak egindako txostenetan (eskuratu ditudan Kronikak plazaratutako berrien artean behintzat) ez da aipatu ere egiten zarata publikoa. Izendatzen ez dena ez omen da esistitzen. Saiatu naiz hutsune sinestezin hori betetzen. Zarata publikoaren aurrean ez daukagu denok perzepzio berdina. Lerro hauetatik eskatzen diot gure alkateari hel diezaiola zezenari adarretatik. Hartu ditzala arazo honen trataera serio batek eskatuko lituzkeen neurriak; adibidez, eta hasteko, egin dadila lehenbailehen Kaxkoko pasealeku, plaza eta kaleetan sortzen den zarataren neurketa fidagarri bat. Gaurkoa bukatzeko, nire iritzi pertsonala laburtuz: Txotx berri on? Aurrena zarata konpon. (*erredakzioan laburtua)
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!