Gustoko dudan zeru grixak eta gorroto dudan hotzak prestatu ziguten giroa urtarrilaren 23an eguerdi aldera herriko Plazan bildu ginen herritarroi.
Herriko Alkateak hitz laburren bitartez eman zion ukitu ofiziala ekitaldiari. Gonbitea luzatu zien Hernaniko sagardoa dastatu nahi duten guztiei. Segidan txotx denboraldiak planteatzen duen erronka nagusia bisitarien dibertsioa eta bertakoen deskantsua uztartzea dela gaineratuz.
Banekien gure Alkatea hizlari trebea dela, ikasi berri dut sintesirako duen gaitasuna. Berak plazaratutako hitzei errespetu osoz nire iritzi pertsonala gaineratu nahi diet.
Pertsonalki ez natzaie deika hasiko, baina ondo iruditzen zait gertuko zein urrutiko jendeak gure herria bisitatzea, beti ere bertako biztanle eta patrimonioa errespetatzen badute. Izan bitez ongi etorriak urte osoan zehar, ez sagardo sasoian bakarrik. Aldi berean, ulergarria deritzot interes ekonomikoak dituzten zenbait sektorek ahalik eta bisitari gehien erakartzen saiatzea euren irabazien mesederako, beti ere herriko jendearen interes orokorrak kaltetzen ez badira. Aprobatzen ez dudana da deialdi horiek gure Alkateak egitea edo bultzatzea, batez ere bizilagun mordo bat kaltetzen dela nabarmena denean.
Arrazoia? Alkateak hernaniar guztiok ordezkatzen gaituelako eta gure interes orokorren zaindari izan beharko lukeelako.
Goazen Txotx kanpainaren delako erronka nagusiarekin. Alkate kargoa estrenatu eta hilabete batzuetara, 2007ko urriaren bederatziko Kronikan irakur daiteke «... Alkatearen iritzian Txotx denboraldiak onurak ditu herriarentzat, eta horiek bertako bizilagunen atsedenarekin nola uztartu da erronka nagusia ...». Antzeko hitzak erabili ditu legealdiko laugarren Txotx denboraldiari hasiera ematean. Hiru urte pasa dira, eta pasa da baita ere hitz horien kaduzitate epea; eta galdu dute kreditoa eta sinesgarritasuna. Marian Beitialarrangoitiak nik baino askoz hobeto dakien bezala, errealitatea ez da hitzekin aldatzen, ekintzekin baizik.
Zarata publikoari dagokionez, Udal Gobernu honek egin du aurrekoak egin zuen gauza berbera: hutsa, ezer ez.
Dibertsioa eta deskantsuaren arteko kontrajarrera gainditzeko, bi konzepto hoiek uztartzearen aldeko asmoen errepikapenean geratzea, iruditzen zait, erretorika antzuaren su artifizialen erakustaldian geratzea dela.
Gatozen errealitate gordinera. Nire ustez, eszenario konkretu batzuetan, Hernaniko Kaxkoa kasu, dibertsioa eta deskantsuaren arteko sokatira, funtsean, behar baten eta eskubide baten arteko tirabira da; gatazka bat, erraz (maiz errazegi) asetzen den desio baten eta askotan bete ezina den eskubide baten artekoa. Batak bestea ukatzen duen bikote inposiblea. Arautu behar litzatekeen dibertsio eredu honek zarata sortzen du, eta uxatzen, abortatzen du derrigorrezko baldintza bat, deskantsua ahalbidetuko lukeena: isiltasuna.
Luix Gorrotxategi Zigaran (*erredakzioan laburtua)