( Mikel Arrieta Iraola ) Ezaren gudaz, baietza sortuz
Herri hau, Euskal Herria, ezetzaren zurrunbiloan murgilduta zuten eta horrela jarraitzea nahi zuten. Herri bezala ditugun eskubideei ezetza, askatasunari ezetza, eskubide zibil eta politikoei ezetza, gure hizkuntzari ezetza, langileen eskubidei ezetza, gizarte berri, aske eta solidarioari ezetza, bakeari ezetza, itxaropenari ezetza. Batzuk bortxa eta gatazka giroan gustora zeuden, azken finean zein aitzaki ederra den biolentzia negozioak egiteko, eskubideak ukatzeko eta kargu politikoak lortzeko.
Baina bai ezker abertzaleak, bai beste eragile politiko, sindikal eta sozialek, eta batez ere euskal herritar multzo abertzale eta ezkertiarrak, euskal jende aurrerakoi eta independentistak herri hau baietzaren norabidetik eramaten ari dira. Egindako lana eta esfortzua uzta oparoa ematen ari da, herri honen martxa azkartu egin da.
Garai berriak datoz, tresna, jokamolde eta bide berriak eskatzen dituztenak. Garai hauetan adimena, pazientzia, inteligentzia beharko dugu. Gure herriaren etorkizuna, gure aberriaren beharrak edozein alderdikerien gainetik jarri behar ditugu. Probokazioak jasoko ditugu eta soseguz baina tinko erantzungo dugu. Estatuaren biolentziak hor jarraitzen du eta horren aurrean gure arrazoien sendotasuna eta gure helburuen zilegitasuna modu ulergarrian defendatzea da gure tresna onena. Garai berriak datoz bai, baina helburuak argiak dira: independentzia, sozialismoa. «Eta horrela bizitzen gera /sortuz ta sortuz gure aukera/ atsedenik hartu gabe:/ lana eginaz goaz aurrera/ kate horretan denok batera…»
Bide onetik goaz.