Nere irudimena da, batzuetan Hernaniko Alkate andreak pentsatzen duela konbentu bateko ama nagusia dela, edo lege zaharreko eskola bateko zuzendaria dela. Azalduko dut. Joan den hileko Plenoan 2011ko aurrekontuak onartu ziren, EBren abstentzioarekin eta Gobernu Taldearen aldeko botuarekin; horraino, betiko legea. Baina ez da normala Alkate andreak oposizioari errieta egitea, ez zitzaizkiolako gustatu presentatu genituen emendakinak. Sekulakoa.
EAJ-PNVko zinegotziak kritikatu gintuen, Foru Aldundira joan ez ginelako Zaharren Egoitzako dirua eskatzera. Ez ote da konturatzen, bera dela alkatetzan dagoena eta berari dagokiola instituzioekin akordioak egitea? Akaso, bera ohituta dago bere alderdikideen eskaerei bakarrik erantzuten, eta uste du, EAJ-PNVk berdin funtzionatzen duela. Astakeria.
Kritikatu gintuen, baita ere, Wukrora bidaltzeko diru-kantitate fijo bat eskatu genuelako. Badirudi, Angel Olaranek proiektu zehatz-zehatz bat presentatzen ez badu, Gobernu Talde honek ez diola lagunduko, han egunero egiten duen lana nahiko arrazoi ez balitz bezala. Sinestezina.
Errieta egin zigun, baita ere, Atez Atekoa kentzea nahi dugulako, eta demostratu diogulako Udalak zenbat aurreztuko lukeen 5garren kontenedorearekin. Atez Ateko kontu honetan edozer da zilegi beraientzat.
Aditu genituen ederrak, baita ere, esan geniolako kendu zitzala bere asesoreak eta kideak, nahi bezala aukeratutakoak. Horretara jo beharko dela esan zuen arren, denak mantentzen ditu oraindik.
Nik galdera bat egiten diot neure buruari: batzuk lotsarik ez al dute?
Alkatearen haserre kolpeak eta errietak jasan dituzuen hernaniar guztiei zera esan nahi nizueke: ez larritu, ikusten duzue gurekin ere berdin jokatzen duela. Gauza bat dago garbi, gainera: bizitza errieta eginez pasatzen duenak (bere erritmoan dantzatu nahi ez duten guztiei), ez du gure denborako minutu bat bera ere merezi. Eutsi egin beharko diogu, kosta ala kosta; 104 egun geratzen dira.