Iker Moreno Topaguneako lankidearen atxiloketa dela eta gutuna komunikabideei eta euskal jendarteari

Kronika - Erredakzioa 2011ko urt. 28a, 01:00

( Jasone Mendizabal Altuna Topaguneako lan taldea eta Zuzendaritza Batzordearen izenean )

Lehenik eta behin, Guardia Zibilak atxilotu eta epaileak espetxeratutako Iker More­nori eta berarekin batera atxilotutako guztiei elkartasuna adierazi nahi diegu eta gobernu, epaile eta hedabideei espetxeratuen errugabetasun presuntzioa errespeta­tzeko eskatzen diegu. Ikerren lan bikaina azpimarratu nahi dugu era berean, bai hezitzaile gisa, bai Topa­guneako koordinatzaile gisa eta baita bere herriko kultur bizitzari begirakoa. Publikoa izan da bere jarduna eta gure konfiantza osoa dauka. Hedabideetan irakurritako informazioaren arabera Ike­rrek torturak salatu ditu eta bera ez da bakarra izan. In­komunikazio egoerak atxilotutakoen eskubideen urratzea ekarri ohi du, ez baita egoten beraien eskubideak errespetatzen diren bermerik. Tor­turak frogatu beharko direla esango duenik egongo da, baina horiek egon ez direla frogatzea legokioke administrazioari eta ezinbestekoak di­tu­gun prebentzio neurrien bi­dez (konfiantzazko lekukoak, bideo grabaketak…) auke­ra hori saihestea. Ez da hori ho­rrela izan eta arbuiagarri­tzat jotzen ditugu ondorioak. Era berean, atxiloketa egu­nean Topaguneako Ata­rra­­biako egoitzatik zein bere bazkide den Karrikaluze elkartetik zazpi ordenagailuren disko gogorrak eta eskuko telefonoak eraman zizkigutela eta gure lana guztiz oztopatuta ikusi dugula adierazi nahi dugu. Euskararen alde lanean aritzeko lan tresnak besterik ez direla eta horiek lehenbailehen buelta diezazkigutela eskatzen dugu.

Jasone Mendizabal Altuna Topaguneako lan taldea eta Zuzendaritza Batzordearen izenean

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!