( Iulen Lizaso Aldalur )
Hernaniko Kronikak abenduaren 7an kaleratu zuen alean jartzen zuen: «Hernanin diru-sarrera hauen partidak (paperaren eta plastikoen salmenta) jaso ez izanak, zurrumurru asko sortzen ditu, tartean, Atez Atekoak sortzen duen galera...». Egunkari berean, hilaren 19an, ondorengoa argitaratu zen: «898.000 euroko defizita izango du Atez Atekoak».
Borroka mediatiko hau kezkagarria iruditzen zaigu batzuoi, behin eta berriz gai berari buruz ari garelako.
Hondakinen kudeaketa, orokorrean, defizitarioa izaten da. H1eko bozeramaileak adierazi duenez, 2011n, Hernanin, %50a suposatuko du, Atez Atekoaren gastua 1,7 miloikoa izango delako, eta zergen bidez jasotakoa 814.500 eurokoa.
Politikoen artean argitzea espero dut. Nik dakidanez, martxan jartzen diren sistema berri guztiek dute gastua: langileetan, ekipamenduetan, finantziazioan eta amortizazioan. Helburua informatzea baldin bada, esaten da gastu hauek datozen urteetako aurrekontuetan banatu behar direla; bazterrak nahastu nahi badira, urte batean sartzen da guztia, eta ez dago matraka ematen jarraitu beharrik.
2014an zabortegi guztiak itxi eta deskontaminatuko dira, eta horrek gastu izugarria izango du. Atez Atekoa duten herriek ez badute kontaminatzen, bidezkoa al da diru hori poltsa komun batetik ateratzea? Hau da, kontaminatzen dutenen eta ez dutenen poltsatik?
Ez al da justuagoa, gaurtik hasita, oraindik organikoa zabortegira eramaten dutenei tonelada bakoitzeko kanon bat jartzea? Europako herrialde gehienetan, organikoa zabortegira botatzen dutenei kobratu egiten zaie, eta hori, botatzen ez dutenei ematen zaie, sari gisara, Gipuzkoan eta Austrian izan ezik; bigarrengoan beharrezkoa ez delako, Atez Atekoa obligaziozkoa delako, hau da, inposatua dagoelako; eta aurreneko kasuan, jarrera onak saritzearen guztiz kontrakoa egiten delako.
Gipuzkoan kanon hori kobratuko balitz, eta Atez Atekoa egiten den herrietan banatuko balitz, Katalunian bezala, H1ek iragarritako defizita alderanztu egingo litzateke.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!