18an legalizazioaren alde giza kate erraldoia

Kronika - Erredakzioa 2010ko abe. 18a, 22:54

( Agustin Ezponda Irizar Juanjo Uria Zubiarrain ) Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela esaten da. Zer esanik ez, irudi hori ehunka herritarrek osatzen badute, oinarri-oinarrizko aldarrikapen baten bueltan: proiektu politiko guztientzat aukera ber­dinak. Proiektuarekin bat egin ala ez, Ezker Abertza­lea­ren egitasmoak, gainerakoen pare, legezko izan behar duela aldarrikatzera goaz. Etorri zu ere. Zilegia bai, legezkoa ez. Es­painiar Estatuak botatako enbidoari aurre egin behar izan dio Ezker Abertzaleak urte hauetan guztietan. Ilega­lizazioaren bidetik erakundeetatik kanporatu, baztertu, za­paldu, zokoratu egin nahi izan dute, bere jarduna isilarazi, ezabatu. Halabeharrez, al­di­an aldiko zailtasunak gainditu eta garai berrietara etengabe egokitzeko gai izan da, bere jardunarekin proiektuaren zilegitasuna berretsiz, eta bidelagun berriei eskua luzatuz. Asko gara, gero eta gehiago, ezker abertzalearekin, bere proiektuarekin bat egin ala ez, gainerakoen parean jarduteko eskubide osoa duela aldarrikatzen dugunak. Politikan jardun ahal izateaz ari gara, bide demokratikoetatik proiektu jakin bat —gainerako guztiak bezala— defendatzeko aukera izateaz. Oinarrizko eskubidea da, ezinbestekoa, premiazkoa. Bota dezagun bada hordagoa: Joko arau berdinak guztientzat. Ezker Abertzaleare­n proiektuarekin bat egin ala ez, proiektu hori zilegia eta demokratikoa dela defenda­tzen du­gun hernaniar guztiok hitzordu garrantzitsua dugu hilaren 18an. Gure herrian ere proiektu politiko guztientzat aukera berdintasuna aldarrikatzen due­­la adieraziko du­gu, giza kate baten bidez. Eta horrela, herriz herri kate guztiak elkartuz, irudi erraldoi bat osatuko dugu, esanahiz be­­­te­tako irudia. Finka ditzagun oinarriak, oinarri demokratikoak, eta has dadila partida. Aro berri baten atarian gaude. Elkar­tzen gaituen horretatik abiatuz, indarrak batu eta goazen aurrera.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!