( Maialen Apezetxea Lujanbio
Nahia Eguskizaga Bilbao
Garazi Garmendia Barrenetxea
Garazi Jauregi Karrera
Ana Revuelta Andres
Hernaniko Txoko Feministako kideak ) Silueta bi marraztu ziren «krimen pasionalak» gertatu tokian: etxeko pasiloko lurrean bat, bestea baso bakarti batean. Biolentzia seinaleak daude. Bi emakume gehiago erailak Euskal Herrian. Zer gertatu da? Auzokideek, gurasoek, lagunek, ikaskide eta lankideek ez dute ezer ulertzen. Nola da posible? «Mikel ez da emakumeak erasotzen dituen psikopata horietako bat, beti izan da oso pertsona ona». Nola izan liteke? Inork ez du ezer ulertzen… «Joseba oso pertsona normala da» - diote ingurukoek.
Normalak dira, bai… hainbat gauza normaltzat hartzen diren jendartean, izan ere, gurean gaur egun ere normala, normalegia da...
• ... jaio baino lehenago zein kolore gustatuko zaigun jakitea: arroxa neskentzako da soilik kolore hau ez baita arrakasta, botere eta indarrarekin inolaz ere lotzen.
• ...Maiteri, berak eskatu gabe, lehen hilabeteetatik belarritakoak jartzea, eta ibiltzen ikasten hasten denean, korrika egiteko erabat deserosoak diren jantziak eta zapatak jartzea.
• ...kontatzen dizkiguten ipuin gehienetako protagonistak mutilak izatea.
• ...ikasliburuetan agertzen diren lorpenak gizonezko zientzialari, politikari, idazleenak bakarrik izatea, eta ez azaltzea inon zergatik ez diren agertzen emakumeen ekarpenak, zeintzuk ziren emakumeek ekarpenak egiteko zituzten aukerak.
• ...laneko elkarrizketetan haurdun geratzeko asmoa duzun galdetzea, haurdun bazaude kaleratzea, lan beragatik gizon batek baino gutxiago kobratzea, emakumeek egindako lanaren bidez lortutako aberastasuna (etxeko lanak, zaintza) Barne Produktu Gordinaren 3/4 izatea eta hori inon ez agertzea, baloratzea, ordaintzea, saritzea.
• ...komunikabideetan emakumea behin eta berriz objektu sexual gisa agertzea.
• ...komisaldegi eta kartzeletan emakumeak biluztuak, ikutuak eta edozer gauzarekin penetratuak izatea.
• ...emakume batek EZ esaten duenean BAI esan nahi duela pentsatzea.
• ...instituzioek emakume eta gizonen arteko berdintasuna aurrekontu gabe lantzea.
• ...emakume batek tratu txarrak salatu eta tratu txarrak egin dituen gizona kalean egotea inork kontrolatuko ez duen urruntze agindu batekin.
Emakumeak gutxietsi eta balio matxistak etengabe bultzatzen dituen sistema batean gauza hauek gertatzea erabat normala da eta horregatik normala da aurten Euskal Herrian 6 emakume erailak izatea, hainbatek tratu txarrak salatu izana, tratu txarrak beren etxeko isiltasunean pairatzen dituzten emakumeak egotea, neskak kalean erasotuak izatea. Guk sumisio eta aginte rolak alde batera utzi eta parekidetasunean oinarritutako harremanak nahi ditugu. Ez dugu gure aurkako indarkeri gehiago onartuko ez kalean, ez etxean, ez lanean, ez inon.
Nazkatuak gaude, normala da ezta? Horregatik egiten dugu gure burua defendatzeko hautua, autodefentsa feminista eta feminismoa aldarrikatzeko hautua. Eta zuk?
Maialen Apezetxea Lujanbio
Nahia Eguskizaga Bilbao
Garazi Garmendia Barrenetxea
Garazi Jauregi Karrera
Ana Revuelta Andres
Hernaniko Txoko Feministako kideak