( Malores Etxeberria Arrese
Hernanin Zero Zabor )
Hernanin aurkeztu berria dute La plaza de la música – Amiantoaren historiak filma. Filma ikusi duten guztiek aitortzen dute gogorra dela, askori malkoak aterarazi dizkie, baina egia besterik ez du kontatzen.
Amiantoa urte luzez produktu normala izan da fabriketan bezala etxeetan. Fabrikatzaileek soluzio oso ontzat saltzen zuten: beroari eusten dio, errez manejatzen da, isolatzaile primerakoa da, pisurik ez du... ´Amiantoa` hitza entzun ere egiten ez zen denboretan edozein txokotan usatzen zen, teilatuetako uralitetan, fundizioetako labeetan, suhiltzaileen jantzietan, etxeetako isolamenduetan, kotxeen frenu eta enbrageetan, eta abar.
Espainian 2002an debekatu zuten amiantoa saltzea. Zer gertatu da? Milaka langile eta herritar daudela birikak eta osasuna izorratuta amiantoagatik, ugaritu egin direla kantzerrak eta asbestosiak eragindako mesoteliomak.
Amiantoarenak, galdera latzak sortzen ditu: Zer gertatu da 2002. urtean debekatu zuten arte? Nolaz ez da neurririk hartu, gutxienez XX. mende hasieratik ezaguna bazen arriskutsua zela? Zer egin dute agintariek asbestosia, mesoteliomak eta kantzerrak amiantoarekin lotuta zeudela aspalditik baldin bazekiten? Nola onartu zuten amiantoaren propaganda egiten segitzea? Eta herritarrok nola egon gara lo urte luze horietan, guzti horretaz enteratu eta hitz egin gabe?
Oso antzeko situazioa da gaur egun hondakinak erretzearekin gertatzen ari dena. Munduan mediku asko (Frantzian Medikuen Kolegioa bera ere bai) ari dira salatzen hondakinak erretzea arriskutsua eta kaltegarria dela. Baina, bitartean, hondakinen erreketatik negozioa egiten duen patronalak eten gabeko propagandan segitzen du, justu amiantoa saltzen zutenek esaten zituzten argudio berdinekin: erosoa omen da, modernoa, efikaza, hondakinak ez erretzea atrasoa omen da... Herritarron esku dago informazioa biltzea, ondo enteratzea, eta ´nahikoa da!` esatea gure osasuna eta gure seme-alabena izorratuz negozioa egin nahi duten enpresaburu, funtzionario eta politikari ajolakabeei.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!