( Ane Iturbe Mujika
Saharar herriaren aldeko
mugimendu solidarioaren izenean ) Aste honetan, marokoar armadak triskantza burutzen ari da Mendebaldeko Saharan, eta sarraskiak jarraipena izango duela dirudi. Aaiungo Gdaim Izik kanpalekua (sahararrek heuren eskubideak aldarrikatzeko eraikitakoa) erabat suntsitu dute marokoarrek. Ez da lehen aldia Marokiar Erreinuak bere benetako aurpegia erakusten digula, ez da lehenengo aldia diplomazia ofiziala alboratu eta duten jarrera kolonizatzailearen alderik basatiena erakusten digula Mohamed VIak.
Aspaldikoak dira, Nazio Batuen Erakundearen promesak. Aspaldi teoria beharko luke justiziak; baina herrialde honetan, ez da soilik euria aspaldian etortzen ez dena. Lur hauetan, azken aldian erortzen diren tanta bakarrak sahararren begietatik erortzen diren malkoak dira, beraien zainetatik erortzen den odola.
Hildakoak, zaurituak eta desagertu ugari ditugu mahai gaineran, zenbat? Egia jakin gabe geratuko garelakoan gaude. Saharar herriak etorkizun hobe bat merezi du, bidean erori diren guztien omenez. Merezitako justizia delako eskatzen duten bakarra.
35 urte pasa dira, Espainiak marrazoetara jaurtiki zituenetik, 35 urte ahaztura eta injustiziekin jolasten. 35 urte familiak bereiztu zirela, 35 urte bigarren mailako herritar izaten. Batzuk, beraien lur okupatuetan bigarren mailako herritar, besteak erbestean ezagutzen ez duten kosta batekin ametsetan.
Bada garaia, gauza bakoitza bere lekuan jartzeko. Horregatik, Espainiaren konplizitate maltzurra saltatzen dugu hemendik. Bera da erantzunkizun juridikoa duena, eta bera da hitz goxo zein isiltasun konplizeen bidez Marokori nahi duena egiten uzten diona. Nazio Batuen Erakundeari, badela garaia zuzeneko kritika eta santzioak Marokori jartzen hasteko. Beste batzuei gutxiagorengaitik askoz gehiago eskatzen dieten moduan.
Aski da! Herri honen aurkako zapalkuntza jasanezina da. Beren eskubideen jabe egiteko, ez dute autodeterminazioaren bidez askatasuna lortzea beste biderik. Hala onartu zuen 1986an NBEko deskolonizazio batzordeak ere. Askatasuna da beraz, herri honi justizia egingo dion antolamendu era bakarra. Bide horretan, zilegi dute dena, askatasunaren bidean hartu beharreko noranzkoa sahararrek erabaki behar dute eta guk beraiekin bat egingo dugu.
Indarrak batu ditzagun, eta gaur, Donostian Saharar Herriaren aldeko mugimendu solidarioak deitutako manifestaziora joateko gonbitea luzatu nahi dizuegu, 19:30etan Bulebarrean. Laboak zioen bezala: Herri guztiak bat eginikan, ez gaude gerorik gabe!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!