Etnomatematika

Kronika - Erredakzioa 2010ko aza. 8a, 21:46

( Jexux Eizagirre Portillo ) Metro batek hamar dezimetro. Dezimetro batek hamar zenti... Hamarnaka dugu zatituta, egungo sistema metrikoa: sistema metriko hamartarra. Bestela uste izanagatik, sistema hori berria dugu: berrehun urte goitik-behetik. Eta zer esan matematikaz? Mate­ma­tika bakarra ote? Lehengo euskaldunek (trikuharri zaleak) bestelako neurriak (oina izango zen bat) erabili zituzten, adituen hitzetan: Roslyn M. Frank da bat. Sistema zahar hartan (Roslyn ari da orain), zazpia zen multiplo: zazpi oin zen neurri bat; zazpi zazpikoa zen, beste neurri zehatz bat: korapiloa omen. Kontuan har bi zazpiko hamalau direla: urrutiko in­txaurrak..: infinitua edo. Foruen arabera, zazpiko neurriekin, mugarritu ziren sel (euskaraz sarobea) izeneko lur-sailak: Urumea bailaran, nahiko ugariak. Hori gutxi ez eta beste kalkulu batez, mugatuko zituzten sarobeak harriez, kosmos osoari so eginez beti legez: puntu kardinaletan harri bana ezarriez. Kalkuluari buruz, entzun dut gertatu bat, nahikoa bitxia: ez da kontu zaharra, ez da sorginkeria, ez da asmakeria, jakinduria baizik. Duela urte batzuk, aparejadore bat, honela mintzatu zen: ´karrera bukatuta, praktikatze aldera, obran hasi nin­tzen ni, gure zaharrarekin. Eta normala zenez, hark ere jarri zidan, bere esamintxoa: obran bazen tarte bat, tabikea jar­tzeko (tabike edo horma, ladriloz eraikia, izan ohi da sarri). Tartea­ren aurrean, galdera bihurria, luzatu zidan aitak: esaidak zehatz-mehatz, pareta egiteko, zenbat beharko diren (ladriloez ari zen). Esan beharrik ez da, zer tartea zen hura: aldrebes-aldrebesa; denbora eman nuen, zenbakiak gastatuz, zenbat beharko ziren, ondo kalkulatzeko. Kalkulua eginda, zenbat beharko ziren, esan nion aitari, eta hark niri berriz: dirua horretan­txe, gastatu al diat nik, hik karrera lortzeko? Oraindik ez dakit nik, (eta ez dut jakingo), gure aita maiteak, nola asmatu zuen, ladrilo gutxiagoz, pareta egiteko, zenbat beharko ziren. Etnomatematika, da kopla txikia; baina matematikan, zenbaki txikitan. Kosmos eta Natura, eta pertsonak-ta, uztartutako ditu, kopla generoak: Han goian izarra, errekan lizarra; etxeko nagusiak, urrezko bizarra. Gaur egun Zenbaki Handiek zenbaki ttikiak bota dituzte kalkulagailutik eta orain harro-harro dabiltza airez aire burbuila batean sartuta eta ez dira kabitzen Planeta osoan zergatikan ere sarobea bezain urria gelditu baitzaie... Kosmos osoa jarri da, dar-dar.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!