Hernaniko herriari

Kronika - Erredakzioa 2010ko urr. 27a, 02:00

( Lurdes Lopez Gorrotxategi Javier Barbarin Jurio ) Behingoagatik hirigintzaren inguruko eztabaida kaleetara zabaldu da. Udalak, edo honen parte batek, bere borondate ona erakutsiaz Irrigoenea eraisteko arrazoiak jakinarazi dizkigu. Gure buruei honakoa galdegiten diogu puntu honetan: berdina egingo ote du eraitsi nahi dituen beste etxeekin? Gure kasuan, hasiera batean, arrazoi nagusia zubiaren arku bat bistaratzea omen zen. Arku hori existitzen ez dela erakutsi dugunean argudio horrek garrantzia galdu du bat-batean. Jaso genuen beste arrazoietariko bat Irrigoenea zubia baino berriagoa zela da, eta kontrakoa dela erakutsi dugunean arrazoi honek garrantzia galdu du berriz ere. Dirudienez, orain udalak aurkezten digun argudiorik garrantzitsuena zera da: sute baten ostean erre zela eta berreraikia izan zela, udaletxeari gertatu modura. Irrigoeneak eraldaketak jaso dituela, juxtu inguruko Leoka, Elizatxo eta udala berari bezala, eta beraz, garrantzia galdu duela. Eta berreraikitzeko erabili ziren materialak momentuan erabiltzen zirenak zirela. Ez zituzten ba adobez egingo ezta? Azken balorazio tekniko baten zain gaudelarik, litekeena da etxearen kanpoko hormak suteari iraun izana, eta beraz, etxearen oinarrizko paretak direla esan beharra dugu. Balore artistiko, urbanistiko eta sozialari dagokionez gauza bakarra esan genezake: zorionez eztabaida kalean dagoela.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!