Irrigoenea bota?, zertarako?

Kronika - Erredakzioa 2010ko urr. 21a, 02:00

( Beñi Agirre Oiartzabal Xalapartako bazkidea ) Irrigoenea bota?, zertarako? Kaixo, Marian: Esan behar dizut larunbateko KRONIKAn zure sinadura zeraman orrialdeak min­du egin ninduela, bai edukiagatik bai eta herritar ba­tzuk Irrigoenea botatzeko asmoaren aurrean ezadostasuna isilarazteko erabilitako neurriz kanpoko erakustaldiarengatik, garrasi gehien egiten duenak edota letra handienaz idazten duenak ez baitu horregatik arrazoi gehiago izaten. Bai, arrazoia duzu diozunean: ´Eztabaidan dagoena ez da Irrigoenea noiztik existitzen den`, ´Aurretik zegoen etxea erre egin zen` eta ´egun denok ezagutzen dugun Irrigoenea XX. mendekoa da`. Bai, denok dakigun gauza da, Hernaniko udale­txea ere erre eta suntsitua izan zela 1875ean. Hernaniko udaletxeak, beraz, 135 urte eskas ditu, polita da, baina, hori ere bota egin daiteke, ez baitu nahiko antzinatasunik; eta bide batez... ezertarako balio ez duen Gurutze Santuaren otoitz lekua ere bota daiteke; eta batez ere, herriko arkitekturari inongo ekarpenik egiten ez dion Lizeaga auzo osoa ere bota egin daiteke udale­txearen ikusgarritasunaren mesedetan. Eraikin horiek guztiak ez botatzeko arrazoiak ezberdinak dira: sentimentalak, sinismenarenak, estetikarenak, eko­nomikoak…, denak izan daitezke baliagarriak, baina, bat da denak komunean dutena: eraikin horiek guztiak herriaren parte dira, identifikatu egiten gaituzte, Her­naniko historiaren atalen bat kontatzen digute. Herriko elementuren bat suntsitu aurretik, suntsiketa betiko baita, horretarako arrazoiak zein­tzuk diren argi adierazi behar dizkigute kudeatzaile edo arduradunek. Kudeatzaile on batentzat, are eta gehiago denon zergetatik ordaintzen diren ondasunen kudeatzaile publiko on batentzat, urrezko araua izan behar du, erabaki bat hartzen denean egin nahi den onura ezin dela sekula izan sortuko den kaltea baino handiagoa. Irrigoenea bota­tzean sortzen diren kalteak argiak dira herritarrontzat, bizilagunentzat, dendarien­tzat, Xalaparta Elkartekoen­tzat; aldiz, zeintzuk dira onurak? Soilik, paisaiaren kapri­txoaren aldekoak?
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!