Bosgarren edukiontzia eta supiztaileen gezurrak

Kronika - Erredakzioa 2010ko urr. 19a, 23:10

( Kontxi Aldanondo (Hernanin Zero Zabor) ) Gezurra dirudien arren, gaur Gipuzkoan bosgarren edukiontziaren propaganda egiten dutenek aspalditik dakite gauzak nola diren. PIGRUG famatuan, 2002-2016 planaren aurrerapenean, hura egin zutenek konparatu zituzten Europan hondakin organikoak biltzeko erabiltzen diren sistemak eta baita horien emai­tza oso ezberdinak ere. Interneten, agiriaren euskarazko bertsioan 109. orritik aurrera irakur daiteke. Gipuzkoako hondakinak planifikatzen ari zirenek 2002 baino lehen aitortzen zuten hondakin organikoaren borondatezko biketan sekula ez zuela parte hartuko familien %25 baino gehiagok. Hori dela eta, gure ustez azken denborotan sortu duten zalaparta (astakeria handiak esan dituzte, azkena Hernani-Usurbil-Oiartzunen bildutako organikoa txarragoa dela... bostgarren edukiontzietakoa baino!) ez dela hori besterik: herritarrak despistatzeko zalaparta. Zer dela eta? Batetik, ea denbora azkar pasatzen den hondakinentzako benetako soluzioak martxan jarri gabe. Eta bestetik, aurrekoa lortutakoan, beren helburua inposatzeko: herritarroi oharkabean eztarriko zulotik sartzea Gipuz­koan errauste planta eraiki­tzea beharrezkoa dela. PIGRUG 2002-2016 idatzi zutenetik urrats handiak eman dira munduan ´Zero Zabor` helburuaren bila. In­formazio asko dago guzti horretaz. Enteratu ez diren bakarrak dira politiko axolakabe edo ezjakin batzuk, oraindik ere konparatu na­hian ari direnak bilketa selektibo derrigorrezkoak edo borondatezkoak lortzen di­tuzten emaitzak. Gipuzkoan errauste planta sustatzen ari diren politikari, goi funtzionari eta enpresaburuek oso ondo dakite gauzak nola diren. Atez Ateko bilketak erdiz-erdi izorratzen du errausketa proiektua, larrubixirik eta agerian uzten duelako Zu­bietako planta eraikitzeko darabilzkiten argudioak ge­zu­rrezkoak direla: errauste plantek gure hondakin organiko guztien beharra daukate, ´biomasa` famatuarekin haiek justifikatzen dituztelako labea eraikitzeko suben­tzioak, lotsarik gabe ´berriztagarria` bataiatzen duten energiarentzako suben­tzioak, Kyotoko protokoloari la­guntzen ari direla esanez egiten duten pozoiketa, eta abar. Ditxosozko bostgarren edukiontziarekin, haiek, supiztaileek, ondo dakite herritar burutsuenek birtziklatzen segiko dutela erantzunkizunagatik, baina aldi berean beraiek lortuko dutela hondakin organikoen %75 eskuratzea, hura kixkalita negozioa egiteko. Eta haien labeak hemen nahiko ´janari` ez baldin badauka, orduan urrutitik ekarriko dituzte zaborrak hemen erre eta gu pozoitzera: Alemanian ondo dakite, hara kanpotik urtean bi milioi tona zabor eramaten dute kixkali eta negozioa egiten segitzeko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!