Biktima politikoek emandako irakaspenak

Kronika - Erredakzioa 2010ko urr. 18a, 02:00

( Pako Sudupe Elortza ) Bereziki frankismoarenak, ETA­re­nak eta GALenak ditut gogoan. Gaur, urriak 17 –eta ondoko egunetan-, duela hirurogeita ha­malau urte, ehun eta hogeita be­deratzi gizaki fusilatu zituzten Her­­naniko hilerrian, gorri eta se­paratista izatearen akusaziopean, Aitzol eta beste sei apaiz tartean. Haien omenez ekitaldi xu­me bezain hunkigarria egin da. Arrasaten fusilatutako gizon baten semeak –berrogeita hiru fusilatu zituzten, hiru apaiz tartean- hunkiturik kontatu du nola eraman zioten preso aita orduan bizi ziren baserritik, hark eskopeta bat gorde zuelako baserriaren lur sailean. Anaiarena omen zen eskopeta, eta horregatik ez zuen entregatu nahi izan. Preso eraman eta ez zuten aita gehiago ikusi. Handik hamar bat urtera jakin zuen aita nola hil zuten hormaren aurka, eskopeta bat gorde­tzea beste deliturik gabe. Hala geratu da: ez da barkamenik eskatu, ez da egiarik zabaldu eta justiziarik ere ez. Galerna barku tristeki famatuan zihoan nebaren arrebak eman duen lekukotasuna ez da gutxiago hunkigarria izan. Ibiltzeko tipi-tapa batez baliatu behar duen emakumeak emozioz beterik kontatu du nola orduko 250.000 pezetengatik saldu zituzten barkuak zerama­tzan gizakiak, eta Aitzolekin batean zen bere anaia hil zuten, eta bere familia osoak zer sufrikario bizi behar izan duen harrezkero. Ez da barkamenik eskatu, ez da egiarik zabaldu eta ez da justiziarik egin. Ez du mendekurik eskatu, ez eta elkar hiltzen jarraitzekorik, gauza bat eskatu du era hunkigarrian: ez ahazteko, ez ahazteko hura, berriro errepikatu ez dadin. Pena ematen dio tiroz zulatua eta odol-orbanez zipriztindua zegoen horma eraitsi izana: ahaztu ez, errepikatu ez! Indusketak sustatzeko lana abiarazi zuen Mertxe Etxeberria alkate ohiak gogoratu du, besteak beste, frankismoaren biktimek ez dutela inoiz eskatu fusilatzaileak eta haien buruzagiak espetxeetan ustel daitezen, eta, halaber, ez direla egundo ahalegindu egungo politika baldin­tzatzen. Aitzolen eta euskal elizaren izenean Joxe Arregik barkamena eskatu du elizak eman zuen laguntzagatik. Era askotako euskal eliza egon da, eta dago egun ere, eta gogoratu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak eliz probintzia bat osatzen zutela 1936an, eta lotuak zeudela Nafarroa Garaiarekin. 1949an banatu zituzten; batuta zeudenak banatzea ez zen politika egitea izan, baina Aitzolen eta haren gogaideen espirituari jarraiki, atzo batuak zeudenak eta gaur banatuak biharko egunean batzeko eskatzea bai, hori Elizak politika egitea da. Hego Euskal Herrian bereziki Mola eta Franco jeneralen aginduz, haien espiritu kriminalaren eraginez, gizarte askotarikoa bi bando garbi bereizietan banatzea bultzatu eta sustatu zen botere militarretik, Hego Euskal Herrian Mola buru –oraindik kaleak ditu eskainiak, esaterako, Santande­rren, hiriburuan bertan-, eta jazarraldi faxistaren alde ez zeudenak kontra egotera igaro ziren brastakoan, eta erail behar ziren frontean edo atzeragoardian, mendean hartutako herri eta hirietan, eta botere militarretik sustatu eta hauspotutako terrorismoak gurean sei mila hildako eragin zituen, eta haien alargunen eta ahaideen sufrikario ezin kontatua. Eta barkamenik ez zaie eskatu, egiarik ez da zabaldu eta justiziarik ere ez da egin, 1977ko amnistia bidegabearen ondorioz. Orain Espainia batu, za­tiezin eta sakratuaren jarraitzaileek ETAk eragindako biktimak baliatu nahi dituzte euskal herritarrok zer politika nahi dugun erabakitzeko eskubidea ukatzen jarraitzeko. Ez guk, Euskal Herria batua eta independentea nahi dugunok, ez daukagu eskubiderik gurea inposatzeko, Molak eta Francok eta gogaide zibil, militar eta erlijiosoek eragindako sarraski garbitu eta kitatu gabekoen eta GALen eta torturen izenean; eta, halaber, haiek ez daukate inolako eskubiderik ETAren biktimez baliatuz Espainia batu, zatiezina inposatzeko eta guri erabakitzeko eskubidea ukatzen jarraitzeko. Bihotz-bihotzez eskertzen diet gaur, urriak 17, Hernaniko hilerrian, gure historia hurbilaren lekukotasun zintzoa eman diguten guztiei. Pako Sudupe Elortza
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!