( Luis Gorrotxategi Zigaran ) ´Gizon-emakume guztiak libre jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberekin, eta, arrazoimenez eta kontzientziaz jantzirik daudenez gero, elkarrekin senide moduan jokatu behar dute`. (Giza eskubideen adierazpen unibertsala; 1. artikulua; ONU)
Atarramentu txarra zuen pasa den 24ko (ostirala) arratsaldeak. Koxkak jarritako eguna zen, Ginkana egiteko, mugikortasun-aste barruan.
Kezkak geunden (egiari zor). Larunbata nahiago genuen, baina ezin. Gainera, argitaratutako ordua ez zen zuzena. Hori gutxi ez, eta eguraldiak koraje beltza: eguraldi kaxkarrarekin makal mugitzen gara.
Parte-hartzeko orriak, marrazkiak, esku-trizikleta, manoplak eta tenazak (fitxak botatzekoak), dardoak, bastoi zuriak, aulki gurpildunak, saski-baloi egokitua, txokolatea... dena zegoen prest, borondatezko gure laguntzaileei esker.
Garrantzitsuenak falta. Eta ez zuten huts egin. Eskola bukatuta, ume-jendea hasi zen etortzen, gurasoen eskutik. Aterpearen magalean, bizitza ernaldu zen. Kuriositateaz, inozentziaz eta halako beldur pixar batez bultzata, ume-energia zoragarri batek mendean hartu zuen aterpea. Dena zen mugimendu; musika esnatu zen, eta Atsegindegi ume-festaz jantzi zen: denak ere, desgaitasunen bat duen ume baten legez, jolasean.
Atsegin handiz diogu, Ginkana ez zela egingo erakunde hauek lagundu gabe: Kemen, Hernades, AGI eta AGAEB: haien bihotzak gure mugak leuntzen baititu. Udalaren laguntza ere ez dugu falta izan (eskerrik asko, Mertxe). Kutxak eta Euskadiko Kutxak ere bere oparitxoak eman dizkigute.
Aipamen berezia merezi dute umeen guraso nahiz laguntzaileek: inplikatu egin dira, era honetako ekintzek eragin pedagojikoa izan dezaten, gizarte bat antolatze aldera, desgaitasuna duten pertsonak ere herritar izan daitezen, osoro.
Kontentu gaude. Zenbakitan, iaz baino hobe. Baina, are gaude gusturago, desberdintasunarekin zita izan dugulako, beste behin: beste urrats bat eman dugu, aurre-iritziak kendu, eta ezberdinari... begirada lanbrotua ez egiteko.
Luis Gorrotxategi Zigaran
Koxka elkartearen izenean