Elkarlanaren beharra

Kronika - Erredakzioa 2010ko urr. 7a, 02:00

( Ane Iturbe Mujika eta Maddi Garcia )

Xake joko baten parekoa da gure gizartea. Fitxa pila bat, talde eta pertsonak elkarrekin gurutzatuz; batzuetan batak besteari lekua kenduz, besteetan irribarrea elkarri eskainiz. Gure herritxo honetan nahiago genuke, bigarrenetik gehiago balitz lehenengotik baino. Elkarri lagundu eta babesa emango bagenio. Jokotik baino jolasetik gehiago balu gure xake partidak.

Amher SOS Arrazakeriak antolatutako aste multikulturala ospatzen den honetan, Kooperazio Taldeak bat egin du egitarauaren osaketan. Amher elkarteak zein Koo­perazio Taldeak bizikidetasuna elkarlanaren bidez bultzatu behar dela uste baitugu. Kultur aniztasuna herritar guztiontzat aberasgarria dela sinesten dugu, bertakoa eta haruntzagokoa errespetatuz, elkar-integra­tzea bilatu behar dela defendatzen baitugu.

Gaur, arratsaldeko 19:30­etan, Biterin gizarte integra­tzaile baten aldeko aldarria egingo da. Mundu justuago baten eskaria alegia. Oihulari Klown antzerki konpainiaren Xake obraren emanaldia an­tolatu dugu ordu horretarako; bertan, migrazio mugimenduak, kontsumo arduratsua, parekidetasuna eta beste hainbat gaiez arituko dira taulagaineko aktoreak.

Aniztasuna guztion artean egiten dugu. Horregatik, hernaniarrak, integraziorako bidean, honekin edo harekin, bakoitzak bere ahalmenen arabera, helburu honen bila elkartu eta jolastera anima­tzen zaituztegu.

Ane Iturbe Mujika eta Maddi Garcia
AMHER elkartea eta Hernaniko Kooperazio Taldeko kideak

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!