( Maddi Etxeberria Galbete )
Ttikia nintzan amonak etxean ixtorio hura kontatu zidanean. Dirudienez, XX.mende hasieran viruela/baztanga izurritte bat izan omen zan Lasarten. Antibiotikorik oraindik ezagutzen ez omen zan, beraz hilkorra.
Nunbaitt, hipodromoko jockey-ak ekarri omen zuten eta bertan ospitalaren faltean edo, gaixotasunak hartutakoak oraingo Hernanira ekartzeko erabakia hartu omen zan Donostian.
Hika-mika galantak izan omen ziran, eta haserreak eta beldurrak jota, etxeko andre eta emakumeak matxinada antolatu zuten, tartean gure berramona. Agustindarren komentuko ezkilen bidez elkar komunikatuaz, herrirako sarrera eta bideak itxi zittuzten muebleak, koltxoiak eta gurdiak saieska jarriaz.
Donostiatik Guardia Zibila eta seguritate indarrak ekarri zittuzten hauei aurka egitteko eta orduko Gobernadore Zibilak ere Hernanira etorri behar izan omen zuen jendea baretzeko… baina…
Gaixoak ez ziren Hernanin sartu. Lasarten bertan jarri zan pabelloi batera bideratu behar izan zittuzten.
Horrela gera hernaniarrak. Gure herria matte degu. Bere lurrak eta herritarrak. Edozein erabakiren gainetik herriaren borondateak egon behar duela irudittu izan zaigu beti.
2007.ean korrika eta presaka, herri-borondatea kontutan hartu gabe eta hauteskunde bezperatan, Korporazioa ´funtziotan` zegoela onartu ziran Arau Subsidiarioek, ondorio tamalgarri bat ekarri digute: konpondu beharreko hirigintza desordenatu eta trakets bat.
Konpondu nahi izan dan lan haundi honen emaitza da Testu Bateratua. Lan haundia izan da, orain herriaren filtroa falta zaiona. Kontutan hartuko dira herritarren erabakiak, batik bat, Ezker Abertzalearen ezaugarrietako bat herriaren borondatearen adierazpena dalako. Nere itxaropen osoa udal talde honen flexibilitatean.
Baina azken mendeetan ezarri ziguten sistema administratibo honekin, non Diputazioa beti herri batzarren gainetik dagoen, ikasten goaz. Ez da juxtua eta onarteziña da aurreko legealdian ez-legalki onartu ziran Arau Subsidiarioen baldintzak, orain Foru Aldundiak guri inposatu izana. Gure defentsa behar degu. Gu gera herri honetan erabakiko degunak, ez Diputazioa, ez beste iñor.
Horrexegatik, eta alderdi politikoen gaiñetik, beharrezkoa ikusten det hirigintzako kontseilu barruan parte hartzea martxan jartzea, herriarekiko maitasuna iparorratzat hartuta, konstruktiboki, nondik nora joan nahi degun erabakitzeko. Gure herria maitte degulako eta, aurrekoa errepikatuz: gu geralako herri honetan erabaki behar degunak, ez beste iñor.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!