Herriko baserritar xume bat besterik ez naiz, Udalarekin auzitan ibili dena nire jabego pribatukoa den lursail baten inguruko mugaketa espediente bat dela eta. Tamalez, erabat injustua den epaia eman dute epaitegikoek: dirudienez orain dela 7 urte hasitako mugaketa espedientea ongi egina dago goitik behera eta nire lurretako zati batean mugarriak jartzeko eskubidea du Udalak, 2006ko martxoaren 30eko Udal Batzan hartutako erabakian jasotzen den bezala.
Baina gauzak egiteko, moduak eta moduak daude eta zoritxarrez, Udalak oso egokitzat kontsideratzen duena gainera, bere abokatu eta zinegotziaren hitzetan, indarkeriaren bidea hartu du. Aipatutako erabakiak argi eta garbi dio, «erabaki hau irmo egiten denean, interesatuen aurrean mugarriak lursailean jartzea eta egin beharrekoak egitea lursaila dagokion Jabego Erregistroan inskribatzeko» eskubidea du Udalak, eta «Hartutako erabakia interesatuei jakinaraztea, eta adieraztea ere bai, erabakiaren aurka egiteko» bide judiziala, bai kontentziosoa baita zibila ere, hartzeko eskubidea dudalako.
Zein erabaki hartu du Udalak? Zein jakinarazpen egin dit Udalak bere erabakiena? Zuzenean etorri da, atxilotzeko aginduarekin eta saiakera bortitza eginez ni atxilotzeko, eta mugarriak jarri ditu. Nire ondoko beste lursail bat sarrerarik gabe utzi dit, eta bi dei egin eta idatzi bat Udaletxean sartu ditudalako, nire kexak adieraziz eta istilu honetan Udal Gobernuaren ezker abertzaletasuna zalantzan jarriaz, errieta egiteko bilera batera deitzen dit Udalak, nire abokatua ere bertara etorri araziz. Zertarako bilerak, ezer jakinarazteko ez? Ez dago erabakirik? Nola bermatuko ditu herritarren eskubideak, atxiloketa agindu bidez? Errieta emateko besterik ez didate deitu, eta nire abokatuaren aurrean, hari ere denbora alferrik galdu araziz.
Irailaren 3an nire etxe ondora etorri zirenean hiru udaltzain, oso gogor eta bortizki, ni atxilotzeko asmo guztiarekin, beste udal langile bati esker ez balitz izan eraman egingo ninduten, mugarriak jartzera, itxitura jartzera, guztiz minduta sentitu nintzen. Jakinarazpenak beste modu batez egin behar dira, arazoak elkarrizketaren bidez konpondu behar dira, gure Euskal Herri honetan aldarrikapen horretaz askotxo dakigu, baina etxetik hasita. Ez du balio elkarrizketaren bidea aldarrikatzeak, gero nor bere etxean bortizkeria eta indarra erabiltzen baditugu.
Argi daukat, nik egindako galdera guztiak, nik eskatutako azalpen guztiak, erantzunik gabe utziko dizkidala Udalak, jakin gabe hala ere zergatik, baina ni ez naiz isilduko, nire eskubideak dagokizkidan leku eta bideetan defendatzen saiatuko naiz, eta Udalak bere lana egiteko ni atxilotuta behar banau, elkarrizketari inolako aukerarik eman gabe, ez dezala defendatu gero, herritarren izenean lan egiten duela, ez behintzat nire izenean.
Kontxi Zubiondo Altuna