Atez Ate: hernaniarrak eredugarri

Kronika - Erredakzioa 2010ko ira. 16a, 02:00

( Mikel Arrieta Iraola ) Lau hilabete daramagu Atez Ate sistemarekin eta iragar­tzen zizkiguten kalte eta hondamendien zain gaude oraindik. Hernani ez da desagertu, mundua ez da amaitu eta herritarrak normal-normal bizi gara. Eta hori azpimarratu nahi dut: herritarren jarrera eta eredua. Gehiengo handi bat modu baikor eta eraikitzailean Atez Ateko sistema egiten ari da eta zalan­tzan zeuden asko –horrela agertzen dute solasaldietan- sistema hau erraza eta erosoa dela ohartu dira. Eskuaren keinu txiki batekin birziklatzearen alde gaudela erakusten ari gara, ingurugiroa zaindu nahi dugula, baliabide naturalak hobeto era­biltzea eta mantentzea nahi dugula ozen aldarrika­tzen dugu. Keinu txiki batekin erraustegia ez dela beharrezkoa azaltzen ari gara eta hondakinak kudeatzeko erraus­tegia baino sistema merkeago eta eraginkorragoak badaudela argi geratzen ari da. Datuak hor daude – Foru Aldundiak, San Markos Mankomunitatea, Ecoembes, Ecovidrio eta Despanorsak emandakoak. Hernanik izugarri handitu du bere birziklatzeko maila. Horrela 2010eko apirilean 47.000 kilo Beira jasotzen baziren, ekainean 78.000 kilo jaso dira; paperean 71.000 kiloetatik 88.000 kiloetara pasa gara, ontzi arinak eta plastikoetan 27.000 kiloetatik 39.000 kilora; 115.000 kilo organiko jaso dira, oso kalitate handikoa, eta errefusa 402.000 kiloetatik 78.000 kiloetara jaitsi da. Esan beharra dago tarteka bilketa arazoak egon direla, baina arazo horiek gero eta gutxiago direla nabarmena da. Badaude gauzak hobetzeko eta beti egongo dira: igual jaietan zerbitzua motz geratu zen, akaso taberna edo jatetxe batean balde gehiago behar dituzte… Hor herritarren lana, edozein akats edo errakuntzaren berri ematen, guztiz beharrezkoa da. Esperientziaz dakigu Atez Ateko bulegoetatik arazoak lehenbailehen konpontzeko saiakerak egiten direla eta horrela jarraitu behar dugu. Azkenik esan, badagoela gutxiengo txiki bat Atez Atekoa saboteatzen saiatzen ari dena. Harrokeriagatik edo politikeriagatik bere etxe atarian edo kaleetan zaborra nolanahi botatzeko gai dena pertsona eskasa da nire ustez.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!