( Josu Arrieta ) Testu bateginaren inguruan hitz egiten ari ginela, lagun batek, Udalaren hirigintza arloak hiriaren antolakuntzaren lan sortzailea aipatzen zidan, eta garrantzitsuena iruditzen zitzaion, kultur arloaren lana beste maila batean kokatuz, ez hain garrantzitsua. Nahiz berarekin ados ez egon, ez nion ezer erantzun.
Orain, Arau Subsidiarioen berrikuspenaren testu bategina argitaratu denean, zerbait, oraindik oso gutxi, ikusteko eta irakurtzeko aukera izan dudanean, nire buruan nuena berretsi besterik ez dut egin. Kultura beste arlo guztien aurrebaldintza da, eta testu bateginak horrela frogatzen du.
Testu bategina aurreko testuarekin konparatuz herritarron, herriaren, naturaren, ingurumenaren eta zuzentasunaren beste ikuskera, oso desberdina, erakusten du. Herritarrenganako eta Hernanirekiko beste kultura, humanoagoa eta naturarekin orekatuagoa adierazten du, aurreko proiektuaren kulturarekin, hain zuzen lur-zoru espekulatzaileen kulturarekin, zer ikusirik ez duena.
Baita euskararekiko beste kultura erakusten du ere. Irakurri dudan testu apurra euskaraz irakurri dut, eta argia, ulergarria eta ederra iruditu zait. Herritarrei testuaren euskarazko bertsioa irakurtzea aholkatzen diet.
Amaitzeko, aipatu dudan bezala, testuaren apur batzuk besterik ez ditut ikusi eta irakurri, eta ona iruditu arren, gizon-emakumeon fruituak ez dira perfektuak izaten, eta testu bateginak zenbait hobekuntza onartuko duela uste dut. Testua hobetzea guztion esku dago, eta horregatik gomendioak, ekarpenak eta proposamenak egitea garrantzitsua dela pentsatzen dut. Orain da garaia.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!