Hondarrik ez erre

Kronika - Erredakzioa 2010ko eka. 22a, 02:00

( Jon Altuna Iza ) Hernanin atez ateko bilketa jarri denetik konturatu naiz, papera, beira, plastikoa eta organikoa bereizi eta gero zein zabor gutxi geratzen den. Eta errefus apur hori erretzeko ez dago 400 milioi euroko errauste planta erraldoirik egin beharrik. Badago diru hori zertan erabili. Merezi du ahaleginak. Oso erraza da. Etxean lau ontzi jarri eta bakoitzean dagokion gaia botatzea besterik ez da. Gi­puz­koar guztiok hau eginda, ez da zaborrik erre beharrik izango. Alternatiba hor dago. Edukiontzietan bildu daiteke edo atez ate. 5garren edukiontzia jartzea ez dago gaizki, baina une honetan ez da nahikoa. Atez ateko sistema jarri den hiru herrietan % 80 birzi­kla­tzera erraz iritsi daitekeela frogatu dute. 5garren edukion­tzi­a­rekin hori lortuko balitz, ondo legoke, baina oso urruti da­go, borondatez oraindik, hain­bat kanpaina egin badira ere, herritar gehienek ez dute bereizten eta. Beraz ez dago besterik. Pa­pe­ra, beira eta plastikoa birziklatu eta berriro erabili baldin badaitezke, eta organikoa kon­postegi­an lurrarentzat ongarri bihurtu bal­din badaiteke, gaur egun ez du zentzurik zaborra poltsan be­rei­zi gabe atera eta zabortegira eramateak eta are gutxiago, hon­da­kin guztiak el­ka­rrekin erretzeak. Erraustegia egiten bada, tximiniatik aterako den kea eta labean geratuko diren errautsak, azken finean, toxikoak dira, ku­tsadura. Probatu nahi duenak zabor poltsa batzuk pilatu eta eman sua, plastiko eta beste hondakinek sortutako ke eta hondarrak zein desatseginak eta osasunarentzat arriskutsuak diren, eta ingurua zenbat ku­tsatzen duten ikusteko. Atez ateko bilketaren ingu­ru­ko zalantzak dituena etorri Her­nanira, Usurbilera edo Oiar­tzu­nera. Hiru herri hauetako esperientzia espero mugimendu zabal eta emankor baten hasiera besterik ez izatea. Ahalegina Gi­puzkoa osora zabaltzeak onura besterik ez digu ekarriko. Horre­gatik nago moratoriaren alde, erraustegiaren proiektua sei urte gelditzearen alde. Etxean norberak sortzen duen hondakina bereizi eta ez da erre beharrik izango. Organikoa berriro lurrari itzuliko zaio ongarri moduan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!