Agur eta ohore, Joxepa!

Kronika - Erredakzioa 2010ko eka. 20a, 02:00

( Gorka Loran Lafourcade (Euskal Preso Politikoa) ) Joxepa Arregi Egidazu hil da, Arrasateko Garratz baserriko ema­kume borrokalaria. Euskal He­­rri osoan ezaguna eta, bere seme Jexux Mari Zabarte Arregi Garratz Hernanin atxilotu zutenetik, Hernanira oso lotua egon dena. Azken urteetan Etxerat-eko lehendakaria izan da Joxepa eta, nolabait esatearren, Euskal Preso Politikoon senideek egunero-egunero erakusten duten ausardia eta kemena pertsonifikatu ditu. Frankismoko espetxeak ezagutu zituen (Garratz frankismoan ere kartzelan egon baitzen) eta, Her­naniko 1984ko ekainaren 15eko gertakari lazgarrien ondorioz Garratz atxilo eraman zutenetik, sasi demokrazia honen ha­mar­naka espetxe ezagutzera de­rri­gortu dute, urte hauetan guztietan bere semearen ondoan egon baita. Eta Garratz (azkenekoz) espetxeratu zutela 26 urte igaro badira ere, Joxepak ez du Sekula etsi eta duintasunaren ikur izan da (eta izaten jarraitzen du). Garratz-ekin urte eta erdi igaro nuen Huelvako espetxean eta bertan ikusi nuen Joxepa azken aldiz, espetxeko mintzalekuetan. Duela bi urte inguru izan zen, baina oso ondo gogoratzen dut bere begirada. Eta, tartean kristal lodi bat geneukan arren, izugarria izan zen helarazi zigun indarra. Haundia zen gure Jo­xe­pa; oso haundia. Ez dugu gehiago ikusiko eta bere heriotzak, Euskal Herriko txoko asko tristetu dituen mo­duan, saminez bete ditu gure ziegak. Triste gaude bai, baina indar nahikoa dugu Joxepak amesten zuen Euskal Herri aske eta euska­l­du­naren alde lanean jarraitzeko. Eta, garrantzitsuena, ziur gaude amets hori egi bihurtzeko gauza izango garela berandu baino le­hen. Joxe­pa­ren­gatik, guztiongatik. Gora Joxepa! Zutik Euskal Herria!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!