( Jexux Eizagirre Portillo ) Google jakitunak dioenez, Planeta Berdearen lurpean daude 1,1 bilioi petrolio-kupel (egingo nuke askoz ere gehiago egon baietz: gutxiago deklaratu, eta garestiago). Kupelak (petrolioaren hotela), gaur egun, 70 dolar egiten du (orain 10 urte: 10 dolar). Baina, ´analisto` jendeak dioenez, 85 dolar egin dezake, hurrengo errebotean, ekonomia suspertu ahala. Eta petrolioa, lehengo bera da. Hor negozio beltza dagoena nabarmena da; eta, nabarmena ere bada, halako negozio bat egin, egingo dutena. Zeinek ez?
Kupelak dolar bat egiten badu gora, Espainiako estatuak 200 milioi euro gehiago ordaindu behar du petrolio-faktura. Hurrengo errebotean, beraz, 3.000 milioi dolar gehiago ordainduko beharko. Zapaterok auto elektrikoa martxan jarri nahi omen du: normala.
Baina, moto hori ez dio salduko ez Felipe Gonzalez, eta ez Imaz jaunari. Eta arrazoia ez da biak ere petrolera biko administrazio kontseiluan daudelako; baizik eta Zapaterok saldu nahi duen moto horrek berorrek ere REPSOLen pegatina daramalako, itsatsia. Bush mintza zenez: Amerika, petrolioaren adiktoa da. Eta denok egin dugu esaldi hori geure. Denok amesten dugu moto bat, REPSOLen pegatina paseatzeko, Pedrosa kataluniarrak, Stoner australiarrak edo House mediku progreak gidatzen duten moto horien igual iguala.
Petrolioak, gainera, berekin dakar beste negozio gordin bat: gerra ederra: bazter guztiak desegin, berriro egin, berriro desegin... Etenik gabeko mugimendua. Mugitzen ez diren bakarrak: petrolio gerretan hildakoak: 22 milioitik gora, alajainkoa! Ez alferrik, ordea. Haietako baten epitafioak hala dio: Ederki nago orain, batere gose eta parorik gabe; kausa garbi baten alde eman baitut bizia: petrolioa.
Horiek guztiak dira petrolioak berekin dakartzan abantailak.
Honbre, karburantea erretzen dugun autook baditugu geure kaltetxo ´kolateralak` ere (eta zeinek ez?): gasolina litro baten konbustioa egin ahal izateko: 8.000 litro aire garbi behar dugu. Kontrara, erretzen dugun litro bakoitzeko 2,4 kilo CO2 bidaltzen dugu airera. Airearen kutsaduraren %80 autook sortzen dugu. Urtearen bukaerarako 1.000 milioi auto izango gara, errepideetan, atzeko zulotik Planeta Berdea pozoitzen. Bonba nuklear bat piztu dugu, gerora lehertzeko. (Autopista inguruko baratzetan dagoen kutsadura da, administrazioek ezkutuan gordetzen duten datuetako bat: humanook ez dakizue zer jaten duzuen ere; autoa naizen aldetik diotsuet.)
Gure inguruko ikastetxe bateko jende legala eguzki autoa garatu nahian dabil. Halako asmoak arnastu bat ematen dio esperantzari. Bejondeizuela. Gogoratu dezagun, ordea, orain 14 urte, Kaliforniako errepideetan bazebilela (alokatuta) auto elektriko bat, guztiz garbia, azkarra, sexia... Ba, esku zikinek banan bana kendu zieten erabiltzaileei; toki ezkutu batera eraman, eta txatar bihurtu zuten, ia-ia hauts. Ez zen alerik gelditu, museo batean dagoena salbu (baina motor elektrikoa kenduta, baezpaere, berpiztu ez dadin).
Angela Merkel ere saiatu zen Europako Parlamentuak auto bat onartu zezan, hain zuzen ere oso karburante gutxi erreko zuen autoa. Esku zikinek behera bota zuten, di-dauk, Merkelen asmoa: kupela ezin da merke-merke saldu (parlamentari jendea bai, ordea).
Gure eguzki auto horrek, beste autoekin lehiatu zen egunean, Eguzki hitzaren aldamenean, pegatina bat zeraman itsatsia, txirla bat: Shell petroleraren txirla. Eguzki eta Txirla, senar-emazte. Noiz arte?
(... gauen batean, Galaxiaren txoko batean, aita-semeak, izarrei begira) Zer izan da, txinpart txiki hori, segundo bat baizik duratu ez duena? Planeta Berdea zuan: leher egin dik: normala. Kontaminazioa ala gerra izan da kuestioa? Biak ere, herribateko. Lehen berdea zen planeta, orain hauts komikoa duk. ´Kosmikoa`, esan nahiko duzu. Igual duk. Guek ezdiagu jamas ikasiko. Jamas! Hala da, ez dugu never ikasiko. Never-nevermore!
Eta aita-semeak ziztuan alde egin dute, espazio-ontzian, zeinak baitarama itsatsia honako pegatina hau: Galaxiaoil.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!